Kongresua-Senatua

Albisteak

Ekoizpena atzerrira eraman duten enpresek jasotako diru publikoa itzultzeko eskatu du Bel Pozuetak


Lanpostuak babesteko presazko neurriak eskatu dizkio EH Bilduren Nafarroako diputatuak Espainiako Industria ministroari Kongresuko kontrol saioan.

| 2020-11-18 12:48:00

Ekoizpena beste herrialde batzuetara eraman duten enpresek jasotako diru publikoa itzultzeko eskatu du gaur EH Bilduren Nafarroako diputatu Bel Pozuetak. Horrela zuzendu zaio Kongresuko ontrol saioan Reyes Maroto Industria ministroari: "Ekoizpena deslokalizatzea erabakitzen duten eta lurraldean dauden bitartean laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresei diru publikoa itzultzera exijitzetik has zaitezkete".

Siemens Gamesa, Loxin, Apoyos Metálicos, Incoesa, General Electric, Siban, Tubacex... Euskal Herriko lantokiak ixtea erabaki dute horiek guztiek, ekoizpena beste herrialde batzuetara eramateko asmoz. Pozueta diputatuak ohartarazi duenez, Euskal Herria utzi duten enpresek "kaleratzeak eta langabezia" ekarri dituzte berekin, eta miseriaren atarian utzi dituzte milaka familia: "Borondate politiko eta langileen aldeko konpromiso irmoa ezinbestekoak dira. Espainiako Gobernuak halakorik badu, horren inguruko proposamenak eta neurriak martxan jartzea espero dugu".

"Enpresa handiei ez zaie batere axola zenbat langile uzten dituzten kalean, ezta itxierak zenbat kalte egiten dion eskualdeari". Pozuetak uste du ekoizpen kostuak merkatzea eta langileen kontura merkeago ekoiztea besterik ez dutela nahi produkzioa atzerrira eramaten duten enpresek. "Neoliberalismoaren panazea, finean: eskulan merkeagoa eta laneko babes gutxiago", salatu du. Pozuetaren iritziz, deslokalizazioen helburu bakarra enpresen etekinak handitzea da, ekonomikoki bideragarriak izanda ere Euskal Herriko plantak ixteko hautua egiten dutelako: "Kasu askotan, deslokalizatzera iristen ez badira ere, lan baldintzetan atzerapausoak ematea, soldatak murriztea eta prekarietatea handitzea eragiten dute, mehatxu eginez. Itxi eta banoa. Xantaia bat da, argi eta garbi. Onartezina da".

Nafarroa, aitzindaria

EH Bilduren Nafarroako diputatuak premiazko neurriak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, enpresen deslokalizazioa eteteko eta lanpostuak mantentzeko. Pozuetak, horretarako, eredu gisa jarri du EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan bultzatutako Lege Proposamena; gaur egun tramitazio prozesuan dago. "Deslokalizazioak eragozteko eta lanpostuak babesteko neurriak jasotzen dituen legea da. Proposamen hori ezagutzera eta aztertzera gonbidatzen zaitut, adibide gisa hartzeko eta egoera hau amaitzeko benetako ekintza eraginkorrak abiarazteko", esan dio Industria ministroari. Marotok "industriaren aldeko itunarekin" bat egiteko eskatu dio EH Bilduri.