Kongresua-Senatua

Albisteak

EH Bilduk Kongresu eta Senatura eraman du Moriako kanpalekuan dauden errefuxiatuen larrialdi egoera


Greziaren eta Europako Batasunaren ekimen faltaren aurrean, ezkerreko indar subiranistak esku hartzeko eta errefuxiatuen asilo eskubidea bermatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari: Legez besteko Proposamen bat eta galdera sorta bat erregistratu ditu Kongresu eta Senatuan. Errefuxiatuen guneak su hartu ostean, 13.000 pertsonak etxerik eta janaririk gabe jarraitzen dute: pilatuta eta baldintza penagarrietan bizi dira.

| 2020-09-12 10:38:00

Etxerik eta janaririk gabe. Moriako (Lesbos) errefuxiatu-gunean pilatuta eta baldintza lazgarrietan bizi diren 13.000 pertsonak zeukaten apurra galdu eta uhartean babesik gabe geratu ondoren, EH Bilduk Legez besteko Proposamen bat erregistratu du Kongresuan, Kanpo Arazoetako Batzordean eztabaida dadin. Proposamen horren eskutik, asilo eskubidea bermatzeko "beharrezko baliabide material guztiak" martxan jar ditzala eta Moriako kanpalekuan pilatutako errefuxiatuak Espainiako Estatuan har ditzala eskatu dio EH Bilduk Espainiako Gobernuari, "giza eskubideen ikuspegi batean oinarrituta".

Kongresuan Azpitaldea sortzeko eskaera

"Funtsezkoa iruditzen zaigu gaur-gaurkoz Espainiako Estatuan oinarrizko eskubideen bermearen zain dauden errefuxiatuen asilo-eskubidea ikuspegi integral batetik bermatzea", nabarmendu du egitasmoaren egile Jon Iñarritu diputatuak, eta Greziak eta EBk arlo horretan duten "esku hartze falta" salatu du. Horretarako, ezkerreko indar subiranistak Kongresuan gaia osotasunean jorratuko duen Azpitalde bat sortzea proposatu du, "Espainiako Estatuan eta EB osoan migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideak defendatzeko eta muturreko egoerari irtenbidea emateko".

EH Bilduk, halaber, gobernuz kanpoko hainbat erakundek errefuxiatuen eskubideen alde egiten duten "aparteko lana" goraipatu nahi du. Ildo horretan, Espainiako Gobernuari eskatu dio erakundeekin elkarlanean aritu dadila eta "aktiboki" lagun ditzala gizarteak arlo horretan egiten dituen eskaera guztiak.

Giza eskubideak urratzen dituzten Estatuak

Ezkerreko indar suberanistaren iritziz, ezinbestekoa da "jarrera proaktiboa" izatea, asilo eskubidea bermatzeko nazioarteko legedia betetzearekin batera: hala nola, Genevako Hitzarmena eta Giza eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbidearen arloko itunak. Zertarako? Pertsona guztien eskubide guztiak bermatzen direla ziurtatzeko, inolako bazterketarik gabe. EH Bilduk, gainera, migratzaileen eta errefuxiatuen giza eskubideak urratzen dituzten Estatuekin migrazioen inguruko akordioak eteteko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Galdera sorta Senatuan

Era berean, EH Bilduren Senatuko bozeramaile Gorka Elejabarrietak galdera sorta bat erregistratu du ERCrekin batera, Espainiako Gobernuak migrazio politikan dituen lehentasunak ezagutzeko: "Zeintzuk dira gobernu honek martxan jarriko dituen bitartekoak Greziatik Espainiako Estatura datozen errefuxiatuen lekualdatzea errazteko?".

Besteak beste, Elejabarrietak jakin nahi du ea Espainiako Gobernuak nazioarteko araudia betetzeko konpromiso irmoa hartzen duen, Espainiako Estatura iristen diren pertsona guztiek beren eskubideak betetzeko berme guztiak izango dituztela bermatzeko. "Gobernu honek utziko al die hala nahi duten autonomia-erkidegoei zuzenean errefuxiatuei harrera egiten, Estatuaren erantzunaren zain egon beharrik gabe?", galdetu du senatariak, eta gaineratu: "Noiz arte jarraituko du Gobernuak Mediterraneoko uretan milaka pertsona hiltzea ahalbidetzen duten EBren politiken alde egiten? Noiz arte jarraituko du gizarte zibileko erakundeak kriminalizatzen dituzten eta pertsonen zirkulazio askerako eskubidea eta asilo-eskubide legitimoa ukatzen duten EBren politikak bultzatzen?".