AKTUALITATEA


| 2022-02-15 18:02:00

«Bada garaia lurralde eztabaidari ekiteko, Estatuaren nazioaniztasuna aitortzeko eta Euskal Herriko eta Kataluniako gehiengoaren borondate demokratikoa errespetatzeko mekanismoak proposatzeko. Horretan ere hautsi egin behar dira eskuin muturrak inposatu nahi dituzten atzerapauso eta blokeoak. Haien helburu bakarra, ez dezagun ahaztu, kontrarreforma zentralizatzaile, elebakar eta naziobakarra inposatzea da, arazoa are gehiago korapilatuko duena», nabarmendu du Elejabarrietak.

EH Bilduko senatariaren hitzetan, eztabaida hori ezin da gehiago atzeratu. Hala, Europara gehiago begiratzeko eskatu dio Sanchezi: «Ikusiko duzue horrelako gaiak erabakitzeko modu eraginkor eta demokratikoena erreferendum adostuak direla. Ez errepikatu kontsultak zatitzeko mantra faltsu hori. Herriak banatzen dituena, hain zuzen ere, kontrakoa da, erreferendumak debekatzea eta jazartzea. Bizikidetza gaiztotzen duena baieztapen supremazista hau da: Estatuan nazio bakarra dagoela, espainiarra noski, eta ez gehiago».

 

Ez dago alternatibarik bloke aurrerakoiari

Azkenik, Elejabarrietak Sanchezi gogorarazi dio Gaztela eta Leongo hauteskundeek berretsi egin dutela inbestidura blokeak ez duela alternatibarik. «Egin ezazue errealismo politikoaren oinarrizko ariketa bat, ezkerreko indar subiranistarik gabe ez dagoelako koalizio gobernu aurrerakoirik Estatuan. Eta gure proposamenak, gure egitasmoak ekintza politiko eta legegilean txertatu gabe, ez dago eraldaketa demokratiko nabarmenik».

Halaber, ezkerreko talde subiranistaren ordezkariak nabarmendu du premiazkoa dela atzerapausorik ez ematea eta eskuin muturraren gorakadari neurri ausart eta zehatzekin aurre egitea. «Kontua ez da ultraeskuinaren aurkako bloke historiko bat osatzea, alternatiba sendo eta iraunkorrak eskaintzea baizik, XX. mendera eraman nahi gaituztenen mehatxu eta oldarraldiari. Gu horretarako prest gaude. Eta zuek?», galdetu du.