Kongresua-Senatua

Albisteak

EH Bilduk abstentziora jo du Hezkuntza Lege berriaren tramitazioan: «Ez da Euskal Herriko hezkuntza komunitateak behar duen tresna»


Bel Pozueta diputatuak salatu duenez, «hezkuntza komunitatearen helburuetatik eta gehiengoaren sentimendutik oso urrun dago LOMLOE»

| 2020-11-13 12:29:00

«Ez da Euskal Herriko hezkuntza komunitateak behar duen tresna». Argi eta garbi mintzatu da gaur Bel Pozueta Nafarroako diputatu eta EH Bilduren Hezkuntza Batzordeko bozeramailea, Hezkuntza Lege berriaren erreformari buruzko azken eztabaidaren bozketan. EH Bilduk testuaren tramitazioa ez oztopatzeko hautua egin du; behin betiko bozketa datorren ostegunean, azaroaren 19an, egingo da Kongresuko osoko bilkuran.

Gaurko hitzartzean, pedagogia feminista, laikoa, ekitatiboa, doakoa eta unibertsala erdigunean jarriko dituen hezkuntza eredu hezkidetzailearen alde egin du Pozuetak, ikasle kritikoak hezi eta ahalduntzeko asmoz. «Ikasleak lurralde bakoitzeko hizkuntza ofizialetan heziko dituen murgiltze ereduan oinarritutako eredu baten alde gaude», adierazi du Pozuetak, batzordean adostutako erdibideko zuzenketen harira.

Ikasturtea errepikatzea, salbuespen

Besteak beste, PSOErekin eta Unidas Podemosekin erdibideko zuzenketa bati esker lortutako akordioa azpimarratu du Pozuetak, ikasturtea errepikatzea "salbuespena" izan dadin. Hiru ikasgaitan ebaluazio negatiboa izanda ere ikasturtea igarotzea ahalbidetuko du itunak. «Ikasturtea errepikatzea salbuespena izatea adostu dugu PSOE eta Unidas Podemosekin, emaitza ezberdinak lortzeko bide bakarra neurri ezberdinak hartzea delako. Maizegi jotzen da egun errepikapenera, ikasleengan sor ditzakeen ondorio negatibo eta eragozpenak aintzat hartu gabe», nabarmendu du, Euskal Herriko hezkuntza komunitatearen gehiengoaren iritzia jasoz eta hezkuntza gizartearen oinarrizko elementu egituratzaile eta kohesionatzaile gisa defendatuz.

Hala ere, EH Bilduren Nafarroako diputatuak ohartarazi du ezkerreko indar subiranista ez datorrela bat «helburu, konpetentzia, metodo pedagogiko eta ebaluazio irizpide guztiak Espainiako Gobernuaren esku uztearekin eta Madrilek modu esanguratsuan zehaztearekin». Hala azaldu du EH Bilduren Hezkuntza Batzordeko bozeramaileak: «LOMLOE hezkuntza komunitatearen helburuetatik eta gehiengoaren sentimendutik oso urrun dago. LOMCE lege baztertzaile eta segregatzailea ordezkatzen du, bai, eta berri ona da, baina ez gaude ados lege aldaketa gure lurraldeetako hezkuntza sistemen kontura egitearekin».