Kongresua-Senatua

Albisteak

EH Bildu ez da batuko Toledoko Ituneko akordiora pentsiodunen eskari nagusiak aintzat hartzen ez badira


Pobrezia mugaren azpitik pentsiorik ez egotea, erretiro adina 65 urtera aurreratzea, jasangarritasun faktorea indargabetzea eta pentsio osoa jaso ahal izateko kotizatu beharreko urteak ez luzatzea proposatuko du ezkerreko indar subiranistak.

| 2020-10-27 10:03:00

Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak ez du onartuko Toledoko Ituneko akordiorik pentsiodunen mugimenduak azken hilabeteetan egindako aldarrikapen nagusiak kontuan hartzen ez diren bitartean. Ezkerreko indar subiranistak muturreraino defendatuko ditu pentsiodunen kolektiboek luzatutako eskaerak. Honako hauek izango dira: pobreziaren mugatik gorako pentsioak lortzea, erretiro adina 65 urtera jaistea, jasangarritasun faktore bidegabea behin betiko indargabetzea eta pentsio osoa jasotzeko kotizazio aldia 35 urtetik 37 urtera ez luzatzea, besteak beste. “Haien aldarrikapenak Madrilera eramateko konpromisoa hartu genuen pentsiodunen mugimenduarekin, eta hala egingo dugu azkeneraino", nabarmendu du Iñaki Ruiz de Pinedo diputatuak.

Pobrezia mugaren azpitik pentsiorik ez izatea exijituko du gaurko batzordean Toledoko Ituneko EH Bilduren bozeramaileak. Berme eta konpromiso argiak nahi ditu Ruiz de Pinedok, ez ekintzarik gabeko hitzak: "Horretarako, Europako Eskubide Sozialen Gutunaren irizpideak eta parametroak ezartzea galdegiten dugu, pentsioen gutxieneko kopurua inguruko familia-errenten %60an finkatzen baitu. Irizpide horiek aintzat hartuko balira, gutxieneko pentsioa hilean 1.080 eurokoa izango litzateke Hego Euskal Herrian”.

Gaur gaurkoz, Toledoko Ituneko aurreakordioak ez du pobreziaren mugatik gorako pentsioak bermatzeko konpromiso irmorik jasotzen. Hala ohartarazi du Ruiz de Pinedok: "Pentsioak, azkenean, KPIaren arabera eguneratuko direla onartzen du Toledoko Ituneko testuak, baina oraingoz ez du inolako neurririk aurreikusten pentsio baxuenen erosahalmena hobetzeko, batez ere gutxieneko soldata baino baxuak diren pentsioetan. Pentsio baxuenak gaurkotzeko eta pobreziatik ateratzeko balio erreferentziala izan beharko luke gutxieneko soldatak".

Era berean, EH Bilduk jasangarritasun faktore bidegabea behin betiko ezabatzeko eskatuko du gaurko saioan, pentsiodunen erosahalmena gehiago ez murriztu ez dadin, are gehiago krisi soziokonomiko bete-betean murgilduta gaudela aintzat hartuta. Bestetik, erretiro adina 67 urtera arte luzatzeko asmoak atzera botatzeko exijituko du, berriro ere 65 urtean ezartzeko. EH Bilduk “lehentasunezkotzat eta premiazkotzat” jo du premiazkoa" pentsio osoa jaso ahal izateko ezinbestekoa den kotizazio-aldia 35 urtetik 37 urtera ez luzatzea. "Aurre-erretiroei dagokienez, 40 urteko kotizaziotik aurrera pentsioaren %100ª erreparorik gabe jasotzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, bereziki borondatezkoak ez diren kasuetan", gaineratu du.

“Ez diogu adostasunari uko egiten”

“Horiek dira, finean, bai Euskal Herriko eta baita Espainiako Estatuko pentsiodunen mugimenduak helarazten dizkiguten eskaera eta kezka nagusiak. Aldarrikapen zentzudunak, bidezkoak eta, batez ere, atzeraezinak. Une honetan Toledoko Itunaren zirriborroak alde batera uzten dituen funtsezko elementuak", Ruiz de Pinedoren aburuz. EH Bilduko diputatuak egungo testuaren "anbiguotasuna eta zehaztasun falta" salatu ditu, pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapen nagusiak alde batera uzten dituelako. Halaber, pentsioak duintzeko ezinbesteko puntuetan konpromiso zehatzak falta direla ohartarazi du. "Gabezia handiak ditu adostutako testuak. Pentsiodunen eskaerak ez dira kapritxo bat. Ez dira ilargia eskatzen ari; beren eskubideak lehenbailehen errespetatzea eta bermatzea besterik ez dute eskatzen. Urteak daramatzate kalean borrokan eta mobilizatzen. Ezin dute gehiago itxaron", azpimarratu du Ruiz de Pinedok.

EH Bilduk adierazi du, hori bai, ez diola uko egiten hurrengo asteetan, Toledoko Itunaren gomendioak berrikusteko prozesuan, adostasunak lortzeari, “betiere pentsioen menpe bizi diren familia zaurgarriei egungo eta etorkizuneko baldintza duinak bermatzeko eta berreskuratzeko oinarriak sortzen badira". Ildo horretan, ezkerreko indar subiranistak ez ditu oztopatuko Toledoko Itunaren esparruan hitzartu daitezkeen hobekuntzak, baina “irmo eta amore emango gabe” defendatuko du testutik at geratu diren aldarrikapenak kontuan hartzea eta gomendioetan txertatzea.

Indar politiko guztiei deia, testu “anbiguo” baten zehaztasun faltaren aurrean

Testuinguru horretan, Ruiz de Pinedok Toledoko Ituneko Batzordea osatzen duten indar politikoei aukera historiko hau alferrik ez galtzeko eskatu die, eta pentsiodun guztien eskubideen eta duintasunaren defentsan ausardiaz jokatzeko deia luzatu die. "Gehiengo nahikoa dago Kongresu honetan, aukera galdu baten aurrean ez egoteko. Ezin ditugu pentsiodunak botata utzi. Akordioak behar dira, bai, baina ez betikoen kontura. Pentsiodunek ezin dituzte krisi honen ondorioak ordaindu”, azaldu du.

Gauzak horrela, EH Bilduk Toledoko Itunera eta gainontzeko erakundeetara pentsiodunen eskaerak eramateko konpromiso irmoa berretsi du, baita herriaren interesak lehenesteko konpromisoa ere, beren aldarrikapenak gauzatzeko. "Ez dugu amore emango. Gure pentsiodunentzat nahi ditugun irtenbideak guztiontzat nahi ditugulako. Gaurko eta etorkizunerako, gaurko pentsiodunentzat eta gure ondorengo belaunaldientzat", amaitu du Ruiz de Pinedo diputatuak.