Kongresua-Senatua

Albisteak

Calvoren agerraldia eskatu dute EH Bilduk eta ERCk, Estatuak Juan Carlos Borboikoaren zerbitzura dauden pertsonen soldatak ordaintzen dituela baieztatu ostean


Juan Carlos Borboikoaren ihesaldiaren harira, Espainiako Gobernuko presidenteordeak Ondare Nazionalaren "inplikazioa, gastuak eta jarduerak" Kongresuan azaltzea nahi dute ezkerreko indar subiranistek. "Zenbat diru publiko bideratzen da Abu Dhabira ihes egindako monarka espainiarra laguntzera? Zenbat langile ditu bere kargura soldatapean?", galdetu dute.

| 2021-01-14 17:11:00

EH Bilduk eta ERCk indarrak metatu dituzte Diputatuen Kongresuan Carmen Calvo presidenteordearen premiazko agerraldia eskatzeko, Juan Carlos Borboikoarekin Arabiar Emirerri Batuetara bidalitako pertsonei soldatak, egonaldi gastuak eta bidaiak ordaintzen dizkietela egiaztatu ostean. "ElDiario.es" hedabideak argitaratu duenez, Espainiako Ondare Nazionalak ordainduko lituzke errege emerituaren zerbitzura dauden langileen soldatak eta joan-etorrien gastuak.

Halako informazio larri baten aurrean, Euskal Herriko eta Kataluniako indar subiranistek Kongresuan azalpenak emateko exijitu diote Calvori, Ondare Nazionala zenbat diru publiko bideratzen ari den zehazteko eta Espainiako errege ohia Arabiar Emirerri Batuetan ihes eginda egoteak eragiten dituen gastuak xehatzeko. Gaur Kongresuan aurkeztutako eskaera bateratuaren bidez, Ondare Nazionalak errege emerituaren egonaldiaren inguruan dituen "inplikazio, gastu eta jarduerak" jakin nahi dituzte EH Bilduk eta ERCk.

Idatzizko galderak

Carmen Calvo Presidentetza Ministerioko arduradunari kontuak eskatzeaz gain, EH Bilduk idatzizko galdera sorta bat ere aurkeztu du gaur Jon Iñarritu diputatuaren bitartez. Hilabete hauetan Juan Carlos Borboikoaren ihesaldiak Estatuari sorrarazi dizkion gastu guztiak zehazteko eskatu dio Iñarrituk gobernuari, errege emerituaren kargupean dauden pertsona kopuruaren inguruko xehetasunak galdegiteaz gain.

Honako galdera hauek egin ditu EH Bilduren ordezkariak, besteak beste: "Juan Carlos Borboikoa laguntzera joandako langileen zenbat soldata eta bidaia ordaindu ditu Ondare Nazionalak? Zein da, orotara, hileko kostua? Zenbat pertsona daude, soldata publikopean, Arabiar Emirerri Batuetan Juan Carlos Borboikoa laguntzeko lanean? Zenbat pertsona bidali dituzte herrialde horretara joan den udan errege emerituak ihes egitea erabaki zuenetik?".

Kontuan hartuta iragan urteko ustelkeria kasuen ondoren Juan Carlos Borboikoak Errege Etxearen aurrekontuak esleitutako diru kopurua jasotzeari utzi ziola, Iñarrituk gobernuari galdetu dio Ondare Nazioanalak zergatik mantentzen dituen oraindik soldatapean errege emeritua zerbitzatzeko asmoz atzerrian daudenei. Espainiako Errege Etxea zipriztintzen duten ustelkeria kasuen ondorioz, Juan Carlos Borboikoarentzat lanean ari direnei soldata publikoa kendu beharko lieketela uste du Iñarrituk, eta zentzu horretan esku hartzeko eskatu dio gobernuari.