Kongresua-Senatua

Albisteak

Bi hilero kontrol saioak egitea, osasun baliabideak indartzea eta neurri sozioekonomikoak mantentzea proposatu du EH Bilduk


Ezkerreko indar subiranistak Sanchezi eskatuko dio bi hilean behin Kongresuan azalpenak emateko, lehen mailako arreta indartzeko, kontaktuan jarraipena egiteko gaitasunak handitzeko, langile gehiago kontratatzeko eta pandemiaren ondorioak arintzeko neurri ekonomiko eta sozialak zabaltzeko.

| 2020-10-28 11:58:00

Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak hiru ebazpen proposamen aurkeztu dizkio asteazken honetan Espainiako Gobernuak proposatutako Alarma Egoerari. Lehenik eta behin, Pedro Sanchez presidenteak bi hilean behin Kongresuan azalpenak ematea nahi du ezkerreko indar subiranistak, "osasun egoeraren bilakaera bertatik bertara ezagutzeko, ezarritako neurrien eraginkortasuna jorratzeko eta Alarma Egoerari eustea komeni den aztertzeko".

Alarma Egoerak autonomia erkidegoetako osasun sistemak indartzeko funts gehigarriak onartzea eta ezartzea ekarriko duela kontuan hartuta, funts horiek autonomia erkidegoetako agintariek kudeatuko dituztela nabarmendu du. Horren helburua, EH Bilduren iritziz, lehen mailako arreta indartzea, kontaktuen jarraipena egiteko baliabideak indartzea eta osasun zerbitzuen gaitasuna sendotzea izango beharko litzateke, "langile gehiago kontratatuz eta egun dauden baliabide teknikoak egokituz". Era berean, Alarma Egoera indarrean dagoen bitartean jarduera mediko pribatua interes orokorraren menpe geratzeko eskatu du EH Bilduk.

Azkenik, Espainiako Gobernuak pandemiaren lehen olatuan onartutako neurri ekonomiko eta sozialak mantentzeko exijitu du EH Bilduk, Alarma Egoerak sektore sozial eta ekonomiko kaltetuenetan sortzen dituen ondorioak arintzeko. Proposamenaren helburu nagusia, besteak beste, "pertsona eta familia zaurgarrienak, merkataritzan dihardutenak, autonomoak, ostalaritza sektorea edo enpresa txiki eta ertainak" laguntza da, Mertxe Aizpurua bozeramaileak azaldu duenez.