Kongresua-Senatua

Albisteak

Argindarraren eta gasaren igoera "onartezinaren" aurrean esku hartzeko eskatu dio EH Bilduk Espainiako Gobernuari


​Argindarraren prezioa %27 garestitu ostean, Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak bi eskaera aurkeztu ditu gaur Kongresuan, Kontsumo ministroak eta Trantsizio Ekologikorako ministroak berehalako azalpenak eman ditzaten.

| 2021-01-08 16:45:00

Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak premiazko neurriak hartzeko eskatu dio gaur Espainiako Gobernuari, argindarraren eta gasaren faktura %27 eta %22 garestitu ostean, hurrenez hurren. Horretarako, ezkerreko indar subiranistak bi agerraldi eskaera aurkeztu ditu Kongresuan, Kontsumo ministroak eta Trantsizio Ekologikorako ministroak lehenbailehen azal dezaten nola egingo dioten aurre argindar multinazionalen abusuari.

EH Bilduk "ekintzak" eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, eta ez hitzak. "2021a hasi bezain laster, hotz-bolada bete-betean, bizirauteko ezinbestekoak diren argia eta gasa %27 eta %22 garestitzea erabat onartezina da", adierazi du ezker subiranistak. "Zein neurri jarriko ditu martxan Kontsumo Ministerioak egoera honi irtenbidea emateko, etorkizunean prezioak ez igotzeko eta horrelako gertaerak berriro ez errepikatzeko?", galdetu du Oskar Matute bozeramaileordeak.

Eredu publikoa jomugan

Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroaren kasuan, berriz, sektore elektrikoaren beharrezko erreformei ekitea eta eredu demokratiko baterantz igarotzeko hartuko dituen ekintzak xehetasunez azaltzea nahi du ezkerreko indar subiranistak. EH Bilduren arabera, "kontrol publikopean eta herritarren premiak babestera eta asetzera bideratuta" egongo den eredu baterantz pausoak ematea da helburu nagusia uneotan, "energia korporazio handien interesen gainetik" betiere.

EH Bilduren aburuz, "egiaztatuta" eta "agerian" geratu da egungo eredu energetikoak ez diela familia zaurgarrien beharrei erantzuten. Areago, eragiten dizkien bidegabekeriez ohartarazi du Matutek, egungo eredua ez baita gai pobrezia energetikoari aurre egiteko, hotz-bolada bete-betean egonda ere. "Bada garaia pertsonen oinarrizko eskubideekin irabaziak lortzen dituztenei galga jartzeko eta azken hamarkadetako pribatizazioak iraultzen hasteko. Ekiteko ordua da", zehaztu du Matute diputatuak.