AKTUALITATEA


| 2022-01-31 12:04:00

Diputatuen Kongresuak asteazken honetan eztabaidatuko du EH Bilduk argindarraren prezio neurrigabeari aurre egiteko aurkeztutako mozioa. Ezkerreko talde subiranistaren proposamenen artean, honako hauek daude: oligopolio elektrikoaren aurkako isunak handitzea, prezioak aldatu dituzten enpresen proiekturik ez finantzatzea Europako Funtsekin, sistema elektrikoaren auditoria bat egitea, zerutik eroritako irabaziei amaiera ematea, energia-enpresa publiko bat sortzea, sistema marjinalista aldatzea eta kontsumo elektrikoa murrizteko kanpainak sustatzea.

Lehenik eta behin, EH Bilduren egitasmoaren helbururuetako bat oligopolio elektrikoaren aurkako ikuskaritza publikoa gogortzea da, bereziki argindarraren prezioak manipulatzen eta etekinak modu bidegabean handitzen aritu diren enpresen jarduna kontrolatzeko. Era berean, 2022an zehar sistema elektrikoaren auditoria sakona egitea eskatu du indar subiranistak, gaur egungo teknologiek argindarra sortzeko eragiten dituzten kostu errealak zehazteko.

EH Bilduren beste eskaera bat da irailaren 14ko 17/2021 Errege Dekretuan hartutako neurriak berrikustea, gas naturalaren garestitzeak txikizkako merkatuan duen eragina arintzeko neurriei erreparatuta. Horrela, zerutik eroritako irabaziak amaitu beharko liratekeela nabarmendu du Oskar Matute diputatuak, Espainiako Gobernuak ezarritako neurriak neurri irabaziak pilatzen jarraitzen dutelako mugarik gabe.

 

Europako Funtsik ez oligopolio elektrikoari

Ezkerreko indar subiranista, baina, harago doa, eta azken 5 urteotan energia merkatuko prezioak aldatzeko presioa eragin duten enpresei Europako Funtsik ez ematea galdegin du, haien proiektuek funtsik jaso ez dezaten. Argindarraren prezioaren gorakadaren aurrean, EH Bildurentzat ere ezinbestekoa da energia enpresa publiko baten sorrera bultzatzea, baita erakundeen ezberdinetan argindarra merkaturatzeko enpresa publikoen sorrera erraztea ere. Matuteren arabera, helburu bikoitza izango luke neurri horrek: familia askoren ongizate energetiko faltari aurre egitea eta konpainia elektriko handiei boterea kentzea.

Ildo horretan, uste du ezinbestean aldatu behar dela prezioak finkatzeko indarrean dagoen sistema marjinalista, eta aldaketa hori Europako Kontseiluan eta Europako Batasuneko erakundeetan sustatzeko eskaera egin du. "Horrek ekidin egingo luke herritarrek beren fakturetan elektrizitate guztia ekoizpen garestienaren prezioan ordaintzea", azaldu du Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioko bozeramaileordeak.

 

Kontsumoa murriztea eta neutraltasun klimatikoa

Azkenik, EH Bilduk kanpaina instituzional eta mediatikoak abian jartzeko eskatu du, herritarren eta enpresen artean energia kontsumoa murrizteko neurriak sustatzeko, bai eta klima-neutraltasuna ahalik eta azkarren lortzearen aldeko apustu irmoa egiteko ere, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko legearen helburuak gaindituz eta 2040. urterako deskarbonizazioa lortuz.