Kongresua-Senatua

Albisteak

Aeronautika sektorea laguntzeko, eskubide sozialak zabaltzeko eta tren azpiegiturak berritzeko inbertsioak lortu ditu EH Bilduk


Espainiako Gobernuak EH Bilduri onartu dizkion emendakinak krisi ekonomikoak kolpatutako sektoreak laguntzera eta tren azpiegiturak eraberritzera bideratuta doaz, besteak beste. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetarako inbertsioak lortu ditu, orotara. EH Bilduk positibotzat jo du gobernuak azkenean etxegabetze guztiak bertan behera uzteko erabakia hartu izana EH Bildu, ERC eta Unidas Podemosen bultzadari esker.

| 2020-11-26 11:44:00

Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak Espainiako Gobernuaren babesa lortu du Estatuko aurrekontuen emendakinen bozketan, herritarren eskubide sozialak zabaltzeko, krisialdiak gogorren jo duen sektoreetako bat laguntzeko, zaharkitutako trenbide azpiegiturak berritzeko, mugikortasuna hobetzeko eta Nafarroa Ekialdeko Pirinioetako ekonomia suspertzeko zuzenketak onartu ondoren. Espainiako Gobernua osatzen duten indarrek onartutako neurri-sortari esker, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetarako inbertsioak eskuratu ditu EH Bilduk.

 Etxegabetzeak bertan behera uztea eta eskubide sozialak

Espainiako Gobernuak gaur goizean jakinarazi du “bi astetan” alternatibarik gabeko etxegabetze guztiak debekatzeko erabakia. Horren esan nahi du gobernuak azkenean bere egingo duela EH Bilduk, ERCk eta Unidas Podemosek aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa bateratu batean galdegindakoa: osasun larrialdiak irauten duen bitartean, etxegabetzeak etetea. EH Bilduk pauso garrantzitsutzat jo du ezkerreko hiru indar politikoen bultzada eta presioari esker Espainiako Gobernuak, azkenean, familia zaurgarrien etxe kaleratze guztiak bertan behera uzteko erabakia hartu izana.

Era berean, Eskubide Sozialen Europako Gutun eguneratua berresteko egitasmoa aurrera ateratzea lortu du EH Bilduk, Kongresuko gehiengo aurrerakoiaren babesarekin. Atzoko saioan onartutako Legez besteko Proposamenaren helburua da herritar guztien eskubide sozialak eta lan eskubideak babestea eta blindatzea, beharrezko tresna baita gutxieneko lan baldintza eta pentsio duinak bermatzeko, eta, modu horretara, pentsiodunen eskaerei eta aldarrikapenei erantzun ahal izateko.

Bi neurri horiek, hain justu, ezker subiranistak euskal herritarrekin hartutako konpromiso irmoa ziurtatzen dute: hau da, EH Bildu akordioetan dagoenean, herritarrek eskubideak irabazten dituzte eta bizi baldintzak nabarmen hobetzen dira.

 Aeronautika sektorerako laguntzak

Aeronautika sektorera zuzendutako laguntzak ere hitzartu dituzte, COVID19ak eragindako krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioz arriskuan dauden enpresak laguntzeko eta kaleratzeak saihesteko asmoz. 10 milioi euroko partida ekonomikoa adostu dute bi aldeek EAErako estrategikoa den sektorea babesteko.

Sektorearen ikerkuntza, garapena eta berrikuntza bultzatzeko finantzaketa handitzea. Konpromiso hori lortu du, finean, EH Bilduk, 2021ean gauzatuko den Plan Teknologiko bati esker. Balio erantsi handiko sektorea da aeronautikarena: 5.000 langile inguru dauzka EAEn, eta gaur-gaurkoz lurraldeko BPGaren %6a ordezkatzen du, besteak beste. Bereziki Araban errotua eta kokatua dagoen sektorea da aeronautikarena, eta premiazkoa da laguntza plan bat martxan jartzea, lanposturik ez galtzeko eta enpresen etorkizuna bermatze aldera.

 Aurrerapausoak tren azpiegituretan: 48 milioi euro C1 linearentzat

Tren azpiegituren arloan, bestetik, datozen lau urteetan abian jartzeko 48 milioi euroko plana adostu du EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin, Irun eta Brinkola arteko aldiriko trenen C1 linea eraberritzeko xedez. Gipuzkoa ekialdeko ia udalerri guztiak zeharkatzen ditu línea horrek, eta lurraldeko milaka bidaiariri ematen die zerbitzua egunero-egunero. Azken urteotan jasandako abandono onartezin eta erabatekoaren aurrean, EH Bilduk eta gobernuak adostutako zuzenketak geltokien irisgarritasuna eta segurtasuna bermatuko du, bidaiariek eta tokiko erakundeek eskatu bezala. Linearen eta tren geltokien egoera kaskarraz kezkatuta, EH Bilduk ezinbestekotzat jo du aldiriko trenen hobekuntzari lehentasuna ematea Adifen urteroko plangintzan, lurraldeko mugikortasuna hobetzeko eta egungo zerbitzua euskal herritarren beharretara egokitzeko asmoz.

Ezkerreko indar subiranistak aurrekontuei aurkeztutako beste zuzenketa bati ere sostengua eman dio gobernuak, RENFEko aldiriko trenak Santurtzitik (Bizkaia) igarotzean sortzen duen zarata murrizteko, bizilagunen aldarrikapen historikoari bide emanez. EH Bilduk, halaber, 3 milioi euroko zuzenketa bat gehitu die Estatuko Aurrekontu Orokorrei, Orioko Motondo eta Txurruka paduren ingurunea birnaturalizatzeko eta berreskuratzeko, zonaldeko itsasertza zaintzeko lanak martxan jartzeaz gain.

 Nafarroarako hitzartutako inbertsioak

Erakundeen aldetik baztertuta dauden landa-eremuak ere begiz jo ditu ezkerreko indar subiranistak aurrekontuen eztabaidan. EH Bilduk lortu du Espainiako Gobernuak 3 milioi bidera ditzala Nafarroa Ekialdeko Pirinioetako ekonomia suspertzeko plan bat ezartzera. Despopulatze arriskuari aurre egitea ahalbidetuko die planak, eta Zaraitzu, Aezkoa eta Erronkari ibarretako batzarrekin hitzarmena eginda sartuko da indarrean.

Azkenik, EH Bilduk Espainiako Gobernuaren konpromisoa eskuratu du N-121-A errepideko lanen proiektura Estatuak bideratutako ekarpena 3 milioi eurotan handitu dezan. Belateko errepide gisa da ezagun N-121a, eta Nafarroa iparraldeko komunikazio-ardatz nagusia da egun, Iruñea eta Lapurdi lotzen baititu Dantxarinean eta Behobian ezarritako mugen bidez. 76,1 kilometroko luzera dauka, eta aukera egoki eta erabiliena da bidesariak saihestu nahi dituztenentzat, bereziki Madril eta Europa arteko bidea egin ohi duten garraiolari askorentzat.