Iruñea

Albisteak

Udaletxeko antzinako ate barrokoa, Villa Adrianan dagoena, berreskuratzeko eskaera Hirigintza Batzordera eramango du EH Bilduk


| 2021-02-17 11:58:00

Ate barroko hori etxebizitza pribatu batean nola amaitu zuen ikertzea, atea berreskuratzea eta lehentasunezko leku batean birkokatzea eskatzen du ekimenak

 

Herritar baten ekimena jaso eta gainerako taldeekin eztabaidatu ondoren, EH Bilduk Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeari eskatu dio Udalak berreskuratu dezala udaletxearen albo batean kokatzen zen ate barrokoa, gaur egun Villa Adrianan, kontratista ospetsu baten familiaren etxean, dagoena. Ekimenak hiru eskaera jasotzen ditu: lehenengoan, berehala ikertu dezala ate horrek nola amaitu zuen etxebizitza pribatu batean eta jabetza hori justifika dezakeen titulu gaitzailerik ba ote dagoen. Bigarrenik, udalaren elementu arkitektoniko garrantzitsu hori, egungo Udalaren fatxadaren garaikoa dena, berreskuratzeko urratsak eman ditzala. Azkenik, elementu hori berreskuratu ondoren, "hiriko leku ikusgarri batean jartzea" eskatzen du, "ahal bada, udal-eraikinen batean, antzinako jatorria eta garrantzi historikoa balioan jartzeko".

Deklarazio proposamenak azaltzen duenez, udaletxe zaharrak Santo Domingoko aldapa aldera zuen ataria da, eta Udal Artxibora sartzeko erabiltzen zen. "Litekeena da 1752an eraiki izana, antzinako udaletxe gotikoa José Zay Lorda maisuaren eraikin barrokoarekin ordezkatu zenean, eta, hartara, egungo fatxadaren garaikoa litzateke. Orain arte uste zen XVIII. mendeko eraikin zaharretik fatxada bakarrik mantendu zela, baina ate hau garai hartakoa dela pentsa liteke", azaltzen du testuak. Portada hau, eraiki eta 200 urtera desmuntatu zen, 1952an, hirugarren (egungo) udaletxea eraiki zenean "eta ia 70 urtez desagertuta egon da, bere garaian, José Yárnoz Larrosa arkitekto ospetsuak kontserbatzea proposatu zuen arren".

Ezagutzen ez diren arrazoiengatik, desmuntatutako portada Villa Adrianan ezarri zen, 1952an Udaletxea birmoldatzeko eta handitzeko obren kontratistaren egoitzan, "eta bai harrizko arkuaren ezaugarri formalek, bai hari atxikitako itxitura-sareak, bai horman haren ondoan sartutako harrizko inskripzio batek, inolako zalantzarik gabe ziurtatzen dute ate hori Santo Domingo kaleko udal-atari zaharrean kokatzen zena dela".