Iruñea

Albisteak

"Navarra Sumak Haur Eskoletako murgiltze ereduarekin amaitu nahi du, euskarazko ereduan ingelesezko jarduerak sartzera behartuz"


| 2021-01-26 14:45:00

EH Bilduk ez du Hezkuntza Alorraren proposamena babestuko eta euskarazko eskaintza eta eskaria "esperimenturik gabe" egokitzeko konpromisoa betetzea eskatu du

 

Iruñeko Udaleko EH Bildu taldeak ez du babestuko eskuineko hirukoak datorren ikasturtean Haur Eskolen hizkuntza-eskaintza moldatzeko aurkeztu duen proposamena. Hiru dira arrazoi nagusiak: euskarazko plazak eskaera errealetik asko urruntzen direlako (Udalak berak egindako txostenen arabera, %38,5koa da eskaria), Navarra Sumak murgiltze eredu linguistikoarekin amaitu nahi duelako euskarazko eskaintzaren barruan ingelesezko jarduerak sartuz, eta, azkenik, Printzearen Harresi zentroan egin nahi duelako, gaztelaniaren eta euskararen arteko loturak bermatzeko beharrezko baldintzak betetzen ez dituen zentro batean. "Agerian geratu da, berriz ere, Navarra Sumaren helburua euskara desagertzea dela, Mayaren taldea kalitatezko hizkuntzen ikaskuntza bermatzen duen murgiltze ereduaren etsaia dela, eta bere obsesioa euskara hizkuntza minorizatua izaten jarraitzea dela, eta horretarako aberrazio pedagogikoak egitera iristen da, hau da, murgiltze eredua diluitzea, ingelesa bezalako bigarren hizkuntza batean jarduerak sartuz", salatu du Maider Beloki zinegotziak.

Koalizio subiranistaren ustez, Donibaneko eskola zein egoeratan geratuko den zehazteke dagoen arren, datorren urterako euskarazko plazen eskaintza "ez da nahikoa izango". Gainera, Navarra Sumaren "inkoherentzia" azpimarratu du: "Behin eta berriz errepikatu du Haur Eskolen epaia betetzeko Donibane, Printzearen Harresi eta Goiz Eder hasiera puntura itzuli behar zirela, baina, orain, Printzearen Harresiaren eredua aldatzen du". "Gainera, bat-bateko erabakiak hartzen ari dira, zuzendaritzekin eta hezitzaileekin kontrastatu gabe", gaineratu du Belokik, eta gogorarazi du "langileen ordezkapenetarako arazo oso larriak" daudela, izan ere, "sindikatuen arabera, ez da modurik egongo hizkuntza-eskakizun bikoitza (B1 ingelesa eta C1 euskara) duten lanpostuak betetzeko". EH Bilduk euskarazko eskaintza eta eskaria "esperimenturik gabe" egokitzeko konpromisoa betetzea eskatu du, eta portzentajeak adosteko eztabaida gune bat irekitzea. "Izugarria da haurrak kalitate txarreko eredu baten menpe jartzea, helburu politiko argi batekin: euskararekin amaitzea", gaineratu du.