Iruñea

Albisteak

Nafarroako Administrazio Auzitegiak legez kontrakotzat jo du Mayak eta bere taldeak Udalaren eta Pirritx eta Porrotxen kontratua bertan behera uztea


| 2021-02-19 10:35:00

EH Bilduk Garcia Barberenaren (Kultura) dimisioa eskatu du, txikiei ekitaldi hori ikusteko aukera berrestea eta alkateak barkamena eskatzea   Arartekoak eta Kontratu Publikoen Auzitegiak ere zalantzan jarri zuten zentsura-ekintza honengatik

 

Otsailaren 4an Nafarroako Administrazio Auzitegiak (NAA) Iruñeko Udalak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin zuen kontratua etetea legez kanpokotzat jo zuen, eta EH Bilduren ustez ebazpen honek erakusten du, "orduko hartan (2019ko azaroa) hartu ziren erabakiek eta haiek justifikatzeko argudioek ez zutela oinarririk, gobernu-taldeak bere obsesio politikoei men egiteagatik zentsura ezarri zuela, eta, hori, haien euskarafobiaren adibide garbia” dela. “Ehunka eta ehunka txikiren ilusioekin jolastu zuten eta orduko gobernuari legez kanpo jardutea leporatu zion, jakin arren beraiek zirela legez kanpo ari zirenak”. Horrela mintzatu da gaur Joseba Asiron EH Bilduk Iruñeko Udalean duen bozeramailea, Maider Beloki zinegotziarekin batera emandako prentsaurreko batean. Asironek gertatukoaren errepasoa egin du, bai eta ebazpenak izan beharko lituzkeen ondorioena ere: "Lehenik eta behin, Kulturako titularraren berehalako dimisioa, herritarrei gezurra esateagatik; bigarrenik, kalte egin zieten haurrei ordaina ematea, eta, azkenik, Mayak publikoki barkamena eskatzea EH Bilduren eta Maider Belokiren aurka egin zituen salaketak direla eta.  

Joseba Asironek azaldu duenez, Pirritx, Porrotxen eta Marimototsen kontratua etetea legez kanpokoa da, bi baldintza betetzen ez dituelako: "Bata formala da, kontratistari entzunaldia ematea, baina ez zen halakorik egin, eta, beraz, defentsa-gabezia sortu zuen; eta bestea sakonekoa da, interes publikoko hiru argudio erabili zituelako kontratua ez betetzeko, eta NAAk hirurak baztertu ditu". Argudio horiek honako hauek ziren: kontratazioa bermatzen zuen txostenik ez egotea, ekitaldia haurrentzako programazio batean ez sartzea eta kontratua "arrazoi ideologikoengatik" egiten zela. Ebazpenak Katxiporretas SAren errekurtsoaren zati bat onartzen ez duen arren, zeinean Udalak ekitaldia berriz programatzea eskatzen zen, EH Bilduk uste du hala egin beharko litzatekeela, "Artista horiei eta, batez ere, haien ikusleei zor zaielako".

Bestalde, Asironek gogorarazi du "Na+ taldeak Maider Belokiri eta Aldaketaren Gobernuari eraso egin ziela, kontratu hori sinatuz legez kanpo eta ideologia-kidetasunagatik jokatzen zutela leporatuz, eta ebazpen horren arabera, legez kanpo jardun zuen bakarra  Garcia Barberena zinegotzia izan zen, Mayaren babespean. "Horregatik bakarrik dimititu beharko luke, baina, gainera, egiten zutena legez kanpokoa zela jakinda ere, aurrera jarraituz zuten. Izan ere Nafarroako Kontseiluak 2019ko azaroaren 27an kontratua baliogabetzea gaitzetsi zuen", adierazi du EH bilduko bozeramaileak. "Are gehiago, Administrazioak gehiegikeriaz jokatu zuen kontratua bertan behera uzteko, eta, ondorioz, defentsa-gabezia sortu zitzaion kontratudunari. Na+en interes pribatua udal batek defendatu behar duen interes publikoari lehenetsi zitzaion ", gaineratu du Asironek.

16 zafraldi judizial 19 hilabetetan eta bigarrena zentsura-ekintza batengatik

Bestalde, Maider Belokik gogorarazi du bertan behera utzitako kontratua, Baluarten 2019ko azaroaren 29an ekitaldi bat egiteko, Iruñean Euskararen Eguna (abenduaren 3a) ospatu aurreko ekitaldien baitan kokatzen zela, eta "kontratu artistiko guztiak bezala, kontratazio publikoari buruzko foru legearen 75. artikulua oinarri hartuta sinatu zela, horrek berezitasun artistikoa aitortzen baitu". Gainera, gogorarazi du bere baliozkotasuna Arartekoak eta Kontratu Publikoen Auzitegiak babestu zutela. Bi erabaki horietan oinarrituz EH Bilduk  “zentzugabekeria" hori gelditzea eskatu zuen orduko hartan, "sektarismoan soilik oinarritutako erabakia zelako eta txikienen ilusioarekin jokatzen ari zirela salatuz”. "Ez zuten atzera egin nahi izan eta orain ebazpen honek arrazoia ematen digu. Horregatik, beste batzuentzat hain alai eskatu izan dituzten ondorioak onartu beharko lituzkete", adierazi du Belokik.

"Gogoratu behar da, zoritxarrez, udal honek eta kultur arloak zentsurarekin lotuta beste errieta batzuk ere jaso dituela; izan ere, gauza bera egin zuten, emaitza berarekin, Paola Damontik Emakumeen Etxean eman behar zuen arrakala organikoari buruzko hitzaldiarekin", adierazi du zinegotziak. "Jarrera hau ez da berria, asko dira euskararen aurka egindako erasoak, eta hainbat ebazpenek erakusten dute eskuinari berdin zaiola legezkotasuna ez betetzea, euskarari erasotzearen kontura liskar identitarioa pizteko", ondorioztatu du.

Zentzu berean, Joseba Asironek gogorarazi du "sententzia hau Navarra Sumak jasotako porrot judizialekin bat egiten duela". Justiziak gutxienez 16 ebazpen egin ditu Navarra Sumaren erabakien aurka bi urte baino gutxiagoko epean. Gaiak, era guztietakoak: lan-kontratazioa (berdintasun teknikarien lanpostuak), adostu gabeko inbertsioak, legez kanpoko kontratazioak (Labriteko pasabideko arkitektoen elkartearen txostena) edo talde prebentiboak desagerraraztea (udako kanpamenduetarako prebentzio-kontratuak)". "Navarra Sumaren gobernatzeko moduak duen norabidea kezkagarria da", esan du EH Bilduko ordezkariak eta Mayari gogoeta egiteko eta "gobernatzeko bide totalitario eta aldebakarrekoa" alde batera utzi eta "gure hiriaren aniztasuna errespeta dezala" eskatu dio.