Iruñea

Albisteak

"Haur Eskoletako grebak izandako babes zabalak agerian utzi du Mayak hezkuntz komunitateari bizkarra eman diola; PSNk kontutan hartu beharko lituzke gaurko aldarrikapenak"


| 2021-02-12 15:37:00

"Guztion artean adostutako dinamikara itzuli behar dugu parametro pedagogikoak, eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka eta euskararen banaketa geografiko ekitatiboa errespetatuko dituen zerbitzua diseinatzeko"

 

EH Bilduko Iruñeko Udal Taldea, Joseba Asiron bozeramailea buru, Haur Eskoletan egiten ari diren grebari babesa emateko martxan izan dira gaur. Deialdia egin duen gehiengo sindikalak emandako datuen arabera, langileen % 62k egin dute bat (% 86k euskarazko eskoletan). "Babes zabal horrek erakusten du Enrique Maya eta eskuineko hirukoa hezkuntz komunitatearen gehiengoari bizkarra emanda ari direla gobernatzen, eta PSNk aintzat hartu beharko lituzke gaurko aldarrikapenak", esan du Joseba Asironek gaur goizeko martxaren amaieran. "Afera ez da familia, langile edo zuzendaritza gutxi batzuk mespretxatuak sentitzen direla. Afera da hezkuntza komunitatearen gehiengoa, hizkuntza-eredua edozein delarik, gobernu-taldeak iragarritako planaren aurka dagoela baizik; izan ere, plan horrek ez du inolako berme pedagogikorik, ez ditu betetzen eskaintzaren eta eskariaren printzipioak, profesionalei galdetu gabe diseinatu da, eta euskara zokoratzea du helburu”.

Koalizioa alderdi sozialistarengana zuzendu da “zentzugabekeria” hau bertan behera utz dezan eta "guztion artean adostutako lan dinamikara itzul dadin”, zuzendaritzek gomendatzen dituzten parametro pedagogikoak, hizkuntza murgiltze ereduetan eskari-eskaintzaren arteko oreka eta euskara eskaintzen duten ikastetxeetan banaketa geografiko ekitatiboa errespetatuko dituen zerbitzua diseinatzeko. Joseba Asironek, Maider Beloki zinegotzia eta Patricia Perales legebiltzarkidea izan ditu alboan, eta gogorarazi du, "Enrique Mayak seme alabak euskaraz hezi nahi dituzten familien aurka ezarri nahi duen mendekua ez litzateke posible izango babesik gabe"; horregatik, "inork ulertzen ez dituen aldaketak inposatu aurretik, atzera egitea eta profesionalei eta hezkuntza komunitateari galdetzea" exijitu du. "Hizkuntza murgiltze eredua desagerrarazi nahi da. Horretarako hizkuntza nagusia gutxiagotuaren gainetik jarri dute eta ekintzak hizkuntza atzerritar batean gehitu dute, euskararen ikaskuntza desnaturalizatzeko. Hori guztia inolako berme pedagogikorik gabe egiten ari dira", laburbildu du EH bilduko bozeramaileak.

"Ez da onargarria euskarafobiak Haur Eskolen kudeaketa gidatzea,  euskararen kultur balioa gutxietsiz eta hiri honen identitate-aniztasuna ukatuz", berretsi du Joseba Asironek. "Gainera, inposatzen ari diren aldaketek alde batera utzi dute pedagogia arloan urteetan egindako lana, zeinari esker Iruñeko Haur Eskolak hezkuntzako erreferente bihurtu diren", gaineratu du.