Iruñea

Albisteak

Euskara normalizatzeko eta sustatzeko jardueretarako diru-laguntzak % 20 murriztu direla salatu du EH Bilduk


| 2020-11-16 14:58:00

Urtarrilean onartutako 90.000 euroko partida berrezartzeko eskatu dio eskuineko hirukoari, eta Kultura eta Berdintasun zinegotziaren kudeaketa iluna salatu du

 

Iruñeko Udaleko EH Bildu taldeak adierazpen bat aurkeztuko du biharko Herritarren Aferetarako Batzordean, euskara normalizatzeko eta sustatzeko jarduerak antolatzen dituzten erakundeei ematen zaizkien diru-laguntzen % 20ko murrizketa salatzeko eta murrizketa hori gauzatu ez dadin eskatzeko. Koalizio subiranistak gogorarazi du Anti Covid Plana funtsez hornitzeko azken aurrekontu aldaketa onartu zenean gobernu taldeak murrizketarik ez egiteko konpromisoa hartu zuela. "Konpromiso hori bertan behera utzi dute erabaki honekin eta agerian geratu da bese behin ere eskuinak euskara erasotzeko duen obsesioa. Estrategia horren helburua, funtsean, UPNren agintaldietan nagusi izan zen lizkar identitaria berriz piztea da", salatu du EH Bilduk.

Gaur egun indarrean dagoen Euskararen Ordenantzak honako hau jasotzen du: "Iruñeko Udalak hiriko berezko bi hizkuntzetako bat jotzen du euskara. Hori horrela, konpromisoa hartzen du euskara sustatze aldera neurriak hartzeko, euskara hizkuntza gutxitua eta, zalantzarik gabe, ondare kulturala baita, irauteko eta erabili ahal izateko laguntza berezia behar duena", gogorarazi du EH Bilduk. Halaber, ordenantza horretan jasotzen da Udalak kultur jarduerak eta euskara sustatzeko jarduerak antolatuko dituela eta "laguntza horiek % 20 murriztera (90.000 eurotik 72.000 eurora), Ordenantzaren bera urratzen du, baita azken aurrekontu aldaketari babesa emateko zegoen akordioa ere", dio koalizioak. Izan ere, EH Bilduk gogorarazi duenez, maiatzeko osoko bilkuran pandemiaren ondoriozko gizarte-larrialdietarako lehen neurri-sorta onartu zenean (4 milioi), ekimenak aurrera egin zuen aho batez, baina "gainerako partidetan murrizketarik ez egiteko konpromiso orokorrarekin, eta konpromiso hori baliogabetuta geratu da orain".

Urtarrilean Kultura Arloko Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartu zenetik, urrian diru-laguntza horien deialdi espezifikoa argitaratu bitartean, partida 90.000 eurotik 72.000 eurora murriztu da, eta "Kultura eta Berdintasuneko zinegotzigoak ez digu aldaketa horren berri eman gainerako udal-taldeei". "Behin eta berriz eskatu dugu honi buruzko informazioa, eta azkenean espedientea eman digutenean egiaztatu ahal izan dugu murrizketen erabakia ez dela hausnarketa tekniko batean oinarritu, baizik eta erabaki politiko bat dela", salatu du koalizioak. "Eh Bilduk uste du Navarra Sumaren beste ahalegin bat dela hiriko berezko hizkuntzetako bat gutxiesteko". Hori dela eta, Kultura eta Berdintasuneko titularra den María García Barberena erregionalistaren jokabidea salatu du, eta aurtengo urtarrilaren 2020ko Diru-laguntzen Plan Orokorrean aurreikusitako laguntzen plangintzari eustea eskatu du koalizioak.