Iruñea

Albisteak

EH Bilduk Tokiko Merkataritza Bultzatu eta Babesteko Ordenantzaren tramitea abiarazi du, Udalak oposiziotik egindako araudi bat sortuko du lehen aldiz


| 2021-01-18 14:12:00

Hirigintza Sailak ere asteazkenean hasiko da apustu-etxeak arautuko dituen distantzien sistema izapidetzen, EH Bilduren ordenantza-proposamenean jasotako ekimena

 

Iruñeko Udaleko Presidentzia Batzordeak bihar hasiko du formalki Tokiko Merkataritza Bultzatu eta Babesteko Udal Ordenantza, orain urtebete EH Bilduk abiatutako ekimena. Eta horrekin batera, Udalak EH Bilduk egindako beste ekimen bat izapidetzen hasiko da aste honetan, Hirigintza Batzordeak, datorren asteazkenean, irekiko baitu apustu etxeak arautzeko gutxieneko distantzien sistemaren eztabaida, EH Bilduk 2019ko irailean egin zuen proposamena. "Udal honen historiako bi mugarri garrantzitsuez ari gara; izan ere, oposizioko talde baten ekimenez, izaera arautzailea duten udal-ordenantzak izapidetzen diren lehen aldia da", nabarmendu du alderdi abertzaleak. “Eskuineko hirukoak bi ekimen horiek geldiarazita izan ez balitu, agian tresna eraginkorra izango genuke esku artean ehun urtetik gorako saltokien itxiera saihesteko, hala nola La Algodonera, La Perla Vascongada edo Mertzeria Carmen", deitoratu du koalizioak.

Merkataritza Iruñearen nortasun-ikurra

Tokiko Merkataritza Bultzatu eta Babesteko Udal Ordenantzaren helburua da tokiko merkataritzak hiriarentzat duen garrantzi estrategikoa aitortzea eta hura bultzatu, babestu eta kontserbatzen lagunduko duten neurriak ezartzea, bereziki merkataritza establezimendu enblematikoei dagokionez. Arau-testuaren proposamenak 13 artikulu eta 24 atal ditu. Horien artean, honako hauek daude: hutsik dauden lokalen errolda bat egitea, merkataritza-kate handien ezarpena mugatzeko proposamena, ekintzaileentzako lokalen poltsa bat eta lokal enblematikoak babesteko katalogo bat.

Proposamenen lehen blokeak, tresna administratiboak sortzeari buruzkoak, tokiko merkataritzari laguntza eta prestakuntza emateko bulego baten ideia mantentzen ditu, Nafarroako Gobernuarekin koordinaturik jardungo duena. Modu berean, tokiko merkataritzaren behatoki bat sortzea proposatzen da, merkataritza-establezimenduei buruzko inbentario bat egiteko eta sektorearen errealitatearen etengabeko jarraipena egiteko. Ildo horretan, merkataritza-gune edo ardatz estrategikoen eta merkataritza-gune ahulenen mapa bat egitea proposatzen da, eta mapa horretan lehentasunez jardutea auzo guztiek "interes handiko merkataritza-eremu" bat edukiko dutela bermatzeko.

Proposamen honen eta hasierakoaren arteko aldaketarik handiena Alde Zaharreko edo Zabalguneetako kale berean frankiziak ugaritzea mugatzeko klausulan oinarritzen da; izan ere, kale horretan muga birmoldatu egiten da eta merkataritza-kate handiei soilik eragingo lieke. Beste aldaketa edo berezitasun nabarmen bat babestu beharreko establezimendu enblematikoen zerrenda edo sailkapen bat egitea da. Hiru kategoria ezartzen dira: 75 urtetik gorako establezimenduak, ia barneko eta kanpoko elementu guztiak kontserbatu beharko dituztenak; jarduera berezi bat garatzen dutenak, "Hiri honetako kultura tradizionalaren alderdi material, ekonomiko eta sozialetan esanguratsuak diren edo izan diren ezagutzengatik"; eta "Iruñeko Udal Hirigintza Planaren Katalogoan sartuta babestu beharreko ondare-elementuak" dituzten establezimenduak. Bertan jasota egon daitezela edo ondare-babes ofiziala izan dezatela". Ordenantza-proposamenak establezimendu enblematikoak babesteko eta sustatzeko plan bat jasotzen du, bideragarritasun ekonomikoa bultzatzeko.

Apustu-etxeak, sektorea arautzeko distantzia-sistema

Apustu-etxeak arautzeko sistemari dagokionez, EH Bilduk 2019ko irailean abiarazi zuen arau proposamena hamar artikuluk osatzen zuten eta "jolasarekin lotutako lokalak irekitzeko baldintzak" ezartzen zituen. Alegia, "ikastetxe, kultura, gazte, osasun eta kirol zentroekiko eta gazteek eta haurrek erabiltzen dituzten espazio libreekiko gutxieneko distantziak finkatzea". EH Bilduren proposamenak kirol-, kultura-, hezkuntza- eta jolas-instalazioetatik 400 metroko erradioan dauden kale guztiak jolasik gabeko eremu izendatzea proposatzen zuen, baita jarduera horretako establezimenduen arteko gutxieneko distantzia 400 metrokoa izatea ere. Hartara, gaur egun indarrean dagoen distantzia (100 metro) laukoiztu egiten da eta 2004an onartutako Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko Ordenantzan sartu ez zen klausula bat gehitzen da. Ordenantzaren zati hori da, zehatz-mehatz, asteazken honetan izapidetzen hasiko dena.

EH Bilduk abiarazitako araudiaren jatorrizko testuak ere establezimendu mota horien publizitate-debekua arautzea proposatzen du, baita espazio publikoetatik apustu-etxeen kartelak kentzea ere. Ildo beretik, eta tabakoaren aurkako legeen tankeran, proposamenak jasotzen du Udalak ezin dituela diruz lagundu apustu-etxeek babestutako ekitaldiak, nola lokal fisikoei dagokionez hala online jokoari dagokionez ere. Ekonomiari dagokionez, EH Bilduren testuak zerga arau berri bat sortzea proposatzen du, mota horretako establezimenduei aplikatu beharreko udal zerga fiskaletarako % 15eko tasa barne hartuko duena. Azkenik, gazteek online jokoen eta apustuen erabilerari buruz ikastetxeetan egiten dituzten informazio-jarduerak areagotzea eskatzen da, bai eta Udaltzaingoak horrelako negozioekin lotutako arau-hausteei buruz duen prestakuntza indartzea ere, arreta berezia jarriz adingabeen sarbidean.

Otsailean apustu-etxeak, martxoan merkataritza araudia

Koalizio subiranistaren aurreikuspenen arabera, bi ekimen horietako lehena apustu etxeena izango da. Asteazkenean, Hirigintza Batzordeak horren berri emango du Gobernu Batzordeak izapidea formalki has dezan eta dokumentazioa bidal dezan, udal taldeek aztertu eta emendakinak aurkez ditzaten. "Hasierako onarpena otsailaren 4ko osoko bilkuran egitea espero da", argitu du EH Bilduk.

Tokiko Merkataritza Bultzatu eta Babesteko Udal Ordenantzari dagokionez, bihar Presidentzia Batzordean taldeek aztertu eta emendakinak aurkezteko  epea hasiko da. Araudiak ezartzen duenaren arabera, gutxienez astebeteko iraupena izan behar du, "Nahiz eta aurreikusten den 15 egun edo hiru aste luzatzea". Izapide hori bete ondoren, ateratzen den proposamena (taldeek aurkezten dituzten zuzenketak barne) osoko bilkurara bidaliko da, hasierako onespena eman diezaion. "Martxoko osoko bilkuran gerta daitekeela uste dugu", esan du koalizio soberanistak.

Bi kasuetan, hasierako onespenaren ondoren, jendaurrean zabaltzeko eta alegazioak aurkezteko epea irekiko litzateke, behin betiko onespenaren aurretik