Iruñea

Albisteak

Eh Bilduk salatu duenez, Na+ eskola publikoak erabiltzea ukatu die auzo taldeei Coworkids proiektuak bakarrik funtziona dezan


| 2021-02-23 11:33:00

Praktika hori bertan behera uzteko eta hiritar guztiek instalazio publikoak erabiltzeko duten eskubidea berma dezala eskatu dio Udal gobernuari adierazpen baten bidez

 

Buztintxuri auzoan Udalak ikastetxe publikoko instalazioak erabiltzea ukatu die guraso elkarteari eta Buztintxureando Txuri elkarteari, Coworkidsen jarduerekin ez lehiatzeko aitzakiarekin. Hala salatu du EH Bilduren udal taldeak, eta, jokabide hori beste auzo batzuetan errepika daitekeela susmatuta, premiazko proposamen bat aurkeztu du praktika hori bertan behera uzteko eskatuz. Hain zuzen ere, koalizio soberanistak Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteria alorrari eskatu dio "auzoetako elkarteek euren programazioa normaltasunez aurrera eraman ahal izateko behar dituzten baimenak emateko eta horien garapena ez oztopatzeko". Deklarazioa Hiritarren Aferetako Batzordean aurkeztu dute.

Baimen horiek ukatzeko arrazoietako bat, Udalak atzo (otsailak 22) egindako jakinarazpen ofizialean jasota dagoenez, honako hau da: "Garatu nahi diren jarduerek Iruñeko Udalak zuzeneko arretako prestazio bermatuak betetzeko antolatutakoak baldintzatzen dituzte". Hau da, Udalak Coworkids programa baldintza onenetan garatu ahal izateko, "helburu bera duten gainerako jarduerak zentsuratu edo debekatu nahi dira, azken urteotan arazorik gabe eta onarpen handiarekin egiten diren jarduerak, eta orain, gobernu taldeak baldintzatu edo ezabatu nahi dituenak", salatu du EH Bilduk.

Koalizioaren ustez jokabide hori “oso larria da”, azpiegitura publikoak erabiltzeko iruindar guztiek duten eskubidea urratzen duelako. Are okerrago, baimenak ukatzeko Coworkids programari nolabaiteko "lehia" egiten zaiola argudiatu du Udalak. “Gure ustez erakunde publiko batean ez dako horrelako argudioetarako lekurik; izan ere, familiek askatasunez eta baldintza berdinetan aukeratu beharko lukete Udalaren edo auzo-elkarteen programazioan izena ematea nahiago badute".