Iruñea

Albisteak

EH Bilduk salatu du Mayak gabonetako hiri kanpamendurik gabe utzi duela Iruñea, Haurren Arretarako Zerbitzuaren kontrol ideologikoa ezartzeko ofentsibaren ondorioz


| 2020-12-16 13:57:00

Hiru oporraldietarako lizitazioaren parte ziren, 80 plaza eskaintzen zirelarik, eta lizitazioa inolako azalpenik gabe desagertu da Coworkids programa martxan jarri ondoren

 

Aurten Iruñeak ez du hiri-kanpamendurik izango gabonetan; izan ere, eskuineko hirukoak ez baitu lizitatu urtero  udan, gabonetan eta Aste Santuetan ematen zen zerbitzu hau. Hala egiaztatu du EH Bilduk, nahiz eta Maria Caballero Gizarte Zerbitzuetako eta Komunitate Ekintzako zinegotziak gai honi buruz txintik esan ez duen. "Argi dago Haurtzaroaren gaineko kontrol ideologikoa inposatzeko estrategiaren baitan Navarra Sumari ahaztu egin zaiola edo ezabatu nahi izan duela urtero 80 familiari ematen zitzaien kontziliazio zerbitzua, dozenaka haurrei aisialdirako jarduerak eskainiz", salatu du koalizio subiranistak.

EH Bilduk gogorarazi du abenduko lehen astean egin ohi zela urte osorako kontratazio hau, “baina aurten ez da oraindik egin, eta egiaztatu ahal izan dugunez, ez da egingo”. “Maria Caballerok ez ditu gai honen inguruan egin ditugun galderak erantzun, eta bere isiltasunak agerian uzten du kontratu hau etetea Haurtzaroaren alorrean deserosotasuna sortzen duela, eskuineko hirukoak abian jarritako desegituratze estrategiaren beste urrats bat delako", azaldu du EH Bilduk.

Baina gai konkretu honen inguruan egindako hausnarketaz haratago, eskuineko hirukoak gizarte alorrean eman duen bira ultra salatu du koalizio subiranistak. "zerbitzu honen deuseztatzea Maria Caballero eta Navarra Sumak Gizarte Alorrean, eta Haurtzarorako Arretan bereziki, egiten ari diren kudeaketa negargarriaren ondorioa da, non gertuko pertsonak hatzez izendatzen ari diren eta senideen enpresekin kontratu ilunak egiten ari diren", azaldu du koalizioak. EH Bilduk gogora ekarri du joan den astean Coworkids programaren kontratazioetan irregulartasunak egon direla salatu zuela, eta “eskuineko hirukoak biktimismo faltsua erakutsi du erantzun bakar gisa”.

Kontziliazio zerbitzuari dagokionez, koalizio subiranistak adierazi du azken urtean Vázquez de Mella ikastetxe publikoan egin zela kanpamentu hori, abenduaren 23tik urtarrilaren 3ra, eta 80 plaza eskaini zirela 3 eta 12 urte bitarteko adingabeentzat, 14 urtera arte luze zitekeena, % 33tik gorako desgaitasun aitortua duten haurrentzat. Kanpamendu hauetan haurren integrazioa, bizikidetza eta entretenimendua zuten helburu arduradunek diseinatutako jarduerek. Kontziliazioa errazte aldera, jarduera horiek goizez egiten ziren, 07: 45etik 15: 30era, astelehenetik ostiralera.