Iruñea

Albisteak

EH Bilduk salatu du eskuineko hirukoak beste urrats bat eman duela Iruñeko haurren defentsa eta zaintzarako sarearen aurkako jazarpen estrategia "larri eta arduragabean"


| 2020-08-25 12:31:00

Prebentzio-taldeekin egindako akordioak babesten dituen Kontratu Publikoen Auzitegiaren ebazpena errekurritzeak “Na+ren obsesio politikoei soilik men egiten dien kanpainaren kostua herritarrei zorduntzea” ekarriko du

 

Iruñeko Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuek  (PEKZ) zortzi auzotan egiten duten lana babesten duen Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren ebazpena errekurritzea "urrats bat gehiago da eskuineko hirukoak haurrak defendatu eta zaintzeko sarearen aurka darabilen estrategia larri, arduragabe eta sektarioan”, salatu du EH Bilduk eta gaineratu du estrategia horrek haur eta gazteen arretarako eredu pribatizatzaile eta ez-integratzailea ezartzea duela helburu. Iruñeko Udaleko Gobernu Batzordeak atzo hartu zuen ebazpen horren aurkako errekurtsoa aurkezteko erabakia, eta koalizio subiranistak adierazi du “diru publikoa erabiliz” aurrera ihes egiteko saiakera besterik ez dela, eta "auzoen ekimenarekin amaitzeko eta haur eta gazteei prestakuntza, aisia eta denbora libreko aukerak ematea eragozteko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzigoak egindako txapuzak estali” nahi dituztela.

"Gobernu honek gizarte arloan egiten duen kudeaketa negargarriaren beste adibide bat da, adingabeak auzoetako gizarte sarean integratzea eta ekimen ludiko soilak egitea nahasten duen kudeaketa", esan du EH Bilduk, Navarra Sumak kontratatutako udal zerbitzu juridikoen zuzendariaren txostena parafraseatuz. "Ezin da onartu eskuinak bere aurkaritzat dituen taldeekin amaitzeko duen obsesioak Udala legez kanpo aritzera behartzea. Azken batean, Udalaren sinesgarritasun ezari eragiten diote eta, are okerragoa dena, haurrak babesteko lana desitxuratzen dute", gaineratu du koalizioak, eta salatu du eskuineko hirukoa Covid 19ren pandemia aitzaki gisa erabiltzen ari dela bere helburu politikoak "inposatzeko".

EH Bilduren ustez, "aurrera egindako ihesaldi" honek hiriaren irudia kaltetzen du; izan ere, aurreko legegintzaldian, Joseba Asironen gobernupean, Iruñea “Haurren Laguna den Hiria” izendatu zuten. UNICEF buru duen erakunde eta instituzioen sareak eman zion aitorpen hori 2018an, eta aurten berriz ebaluatu behar da aitorpen hori mantentzeko egindako lana. Aitorpen hori, hain zuzen ere, Udalak "haurren arloan egindako lan sendo eta parte-hartzailean oinarritzen zen, eta lan hori, besteak beste, prebentzio-taldeek ere egiten zuten". "Enrique Mayaren gobernua arduragabea eta bidegabea da; beste behin ere, kontratu horiek normaltasunera itzultzeko eskatzen diogu Navarra Sumari, eta behingoz lanean hasteko, haur eta gazteak babesteko konpromisoa eta elkarlana indartzeko", esan du EH Bilduk