Iruñea

Albisteak

EH Bilduk salatu du Enrique Mayak Haur Eskoletan hizkuntza-eskakizuna duten 19 lanpostu ezabatu nahi dituela


| 2020-12-02 14:12:00

Koalizioak Donibane, Goiz Eder eta Printzearen Harresi eskoletan kontratazioak mantentzea eskatu du, Udalbatzaren gehiengoaren eskakizuna bete dadin: euskarazko plazen eskaintza eskaria orekatzea

 

Iruñeko Udaleko EH Bildu taldeak eskuineko hirukoari eskatu dio haur eskoletako plantilla organikotik euskara profila duten 19 plaza kentzeko planak geldiaraztea. "Udal honetako ordezkaritzaren gehiengoak Haur Eskoletan euskarazko matrikularen eskaintza eta eskaria parekatzea eskatu du, eta 19 plaza horiek kentzea oreka horri berriz ere oztopoak jartzea da", salatu du koalizio subiranistak. Hori dela eta, EH Bilduk plan hori bertan behera uzteko eskatu du, eta, gaineratu du, plaza horiek kentzea Donibaneko (8), Goiz Ederreko (5) eta Printzearen Harresiko (6) eskoletan lan egiten duten 19 pertsona horiek lana galtzea ekarriko lukeela.

"2011ko egoerara itzuli nahiak Navarra Sumak liskar identitarioa pizteko duen grina uzten du agerian. Es dute inklusioan sinisten, euskarari erasko egin nahi diote, ez dute euskara integratu nahi. Kosta ala kosta liskarrari eutsi nahi diote, eskuina eroso sentitzen delako testuinguru horretan, baina hori herritarren  eta, bereziki, euskal familien eta langileen interesen kalterako da”. Beraz, koalizio subiranistak iragarri du Haur Eskoletako plantilla organikoaren proposamenaren aurka bozkatuko duela, eta aldaketa horiek geldiarazten saiatuko dela.

"Euskararen aurkako erasoak, borroka identitarioa indartzeko nahia botere-kuotari eusteko, milaka pertsona diskriminatzea eta euskarafobia berehala gelditu behar dira; izan ere, Iruñeak ez du merezi sektarismoaren eta diskriminazioaren gidaritzapean egotea, baizik eta integrazioa, bizikidetza eta aniztasuna aitortzearen alde lan egin behar dugu", adierazi du koalizioak.

EH Bilduk salatu duenez, 19 plaza horietatik bost, Goiz Ederren daudenak, "Gaztelania eta ingelesa" profil bihurtzen saiatzen dira, eta hori "lotsagarria" da; izan ere, bultzatzen ari diren eredua, Gaztelania ingelesezko jarduerekin, "ez da benetako hezkuntza-eredua, ez baita murgiltze eredu bat, eta langileei ez zaie hizkuntza-eskakizun osoa eskatzen". Koalizioak beste behin salatu duenez, "eskuineko hirukoak ingelesa bezalako atzerriko hizkuntza bat erabiltzen du berezko hizkuntzatzat, euskara menperatzen saiatzeko, eta murgiltze eredu bat, euskarazko irakaskuntza alegia, ingeleseko jarduerak besterik eskatzen ez dituen sasimodelo batekin ordezkatzea onartezina da".