Iruñea

Albisteak

EH-Bilduk, PSN-PSOEk eta Geroa Baik “ortzadarraren koloretako” banku berriak eskatu dituzte Iruñerako


| 2020-11-23 13:17:00

Oposizioko taldeek salatu dute Gobernu taldeak ez duela bete ekainean onartu zen LGTBI+ kolektiboaren aldeko akordioa

 

Joan den ekainean, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, Iruñeko zenbait banku ortzadarraren koloreekin margotzeko eskatzen zuen adierazpena onartu zen Hirigintzako Batzordean, “LGTBI+ kolektiboaren askatasunaren, duintasunaren eta errespetuaren aldeko sinbolo gisa".

Adierazpena gehiengoz onartu bazen ere, Udal Gobernuak "ez du adostutakoa errespetatu, eta horrela, oposizioko taldeei ez ezik, aniztasunaren aldeko gizarte ekimenari ere bizkarra eman dio".

Hori dela eta, Udaleko oposizioak adierazpen berri bat aurkeztuko du hurrengo Hirigintza Batzordean, Gobernu Taldeak onartutakoa bete dezan eta Hiri Kontserbazioko arloak, LGTBI+ kolektiboarekin elkarlanean, "Iruñean ortzadarraren koloretako bankuak sortzeko guneak" bila ditzan.

Aipatu bi adierazpen hauekin, “duela 50 urteko New Yorkeko Stonewall tabernako erreboltaz geroztik, eskubide eta askatasunetan egindako lorpenak goraipatu” nahi dira. "Iruñeak aniztasuna errespetatzen duen hiri irekia izan beharko luke, eta urteko 365 egunetan aldarrikapen, hezkuntza eta gizarte kontzientzia lantzearen alde egingo duena", gaineratu dute.