Iruñea

Albisteak

EH-Bilduk, PSN-PSOEk eta Geroa Baik Iruñeko berdeguneak kudeatzeko programa "berehala" martxan jartzea eskatu dute


| 2020-09-14 13:14:00

"Arbomap Kudeaketa Programarekin zegoen kontratua bertan behera utzi dutela eta alternatibarik ez dagoela" jakin ostean aurkeztu dute ekimena taldeek

 

EH-Bildu, PSN-PSOE eta Geroa Bai udal taldeek adierazpen bat aurkeztu dute, "Lorategien Zerbitzuari berehala emateko Iruñean dauden zuhaitzak, berdeguneak eta ureztatzeak kudeatzeko programa edo aplikazio bat", Fermin Alonso zinegotziak zerbitzu hori "trantsizio fasean" zegoela iragarri eta "Arbomap Kudeaketa Programarekin zegoen kontratua" bertan behera utzi duela jakin ostean.

Taldeek gogorarazi dutenez, programa horri esker "hiriko landare-elementuen inbentarioa egin ahal izan da (zuhaitzak, zuhaixkak, parterrak, berdeguneak), baita ureztatze-sareena (kontagailuak, programatzaileak) eta hiri-altzarien elementuena ere, besteak beste".

Horregatik, uste dute "arloak sortu duen egoera dela eta, ezinezkoa dela zerbitzuaren berezko zeregin asko beharrezko bermeekin aurrera eramatea, eta zaildu egiten duela landaketa-kanpaina prestatzea, espezieak identifikatzea edo zuhaitz eta zuhaixken artxibo historikoa egitea".

"Tresna hori ezinbestekoa da hiriarentzat hain garrantzitsua den gai baterako, urteko landaketa edo inausketa kanpainak prestatzea alegia", azaldu dute. Halaber, taldeek adierazi dute Alonso zinegotziak "ez duela data edo bermerik eman zerbitzua berriro ere martxan jartzeko". Hori dela eta, ekimena aurkeztu dute, eta asteazken honetan Hirigintza Batzordean eztabaidatuko dute.