Iruñea

Albisteak

EH Bilduk pertsona eta familia zaurgarrienei kontribuzioan %90era bitarteko hobaria ezartzeko lehen pausua eman du


| 2021-02-08 13:26:00

Krisiari eta Pobreziari aurre egiteko Planaren baitan, koalizioak Udal Balorazio Txostena eguneratzea exijitu du, txosten hori oinarrizkoa baita  kontribuzioa eta balizko hobariak kalkulatzeko

 

Krisiari eta Pobreziari aurre egiteko Planaren baitan, EH Bildu udal taldeak adierazpen proposamen bat egingo du bihar Presidentzia Batzordean. Proposamen horretan eskatzen zaio gobernu taldeari premiaz berrekin diezaiola eta amaitu dezala indarrean dagoen 1998ko Balorazio Txostenaren berrikuspen osoa. Txosten hori eguneratzeko oinarrizko gidalerroak eta edukiak aurreko legegintzaldian finkatu ziren jada, eta horrek aukera emango luke berehala garatzeko koalizio subiranistak sinatutako Pobreziari eta Krisiari Aurre Egiteko Planean jasotako 15 neurrietako bat, hau da, pertsona eta familia ahulenei % 90era arteko hobari-sistema abian jartzea kontribuzioan. Zerrenda horren barruan sartuko lirateke LGSren halako lau baino gutxiagoko errenta duten familia ugariak edo guraso bakarreko familiak eta kotizazio gabeko pentsioak, errenta bermatua edo bizitzako gutxieneko diru-sarrera duten familiak.

"Aurrekaririk gabeko krisia gainean dugu, eta Udal honen betebeharra da bere esku dauden mekanismo guztiak martxan jartzea inor atzean gera ez dadin. Pertsonak erreskatatzea eta herritarren sufrimendua gutxitzea izan behar da gure lehentasuna erakunde gisa, eta Balorazio Txostena horretarako funtsezko tresna da", esan du EH Bilduk. Koalizioak gogorarazi duenez, Toki Ogasunei Buruzko Legea aldatu berri da, eta, horri esker, udalek hobari horiek gauzatu ahal izango dituzte. Eh Bilduk jada planteatu zituen hobari horiek Ordenantza Fiskalen eztabaidan, baina, hori posible egiteko, Balorazio Txostena berrikusi behar da, ondasun higiezin bakoitzari banaka balio bat esleitzea ahalbidetzen duten metodo eta parametro teknikoak ezartzeko. "Iruñeko Udalaren egungo Balorazio Txostena partzialki eguneratu zen aurreko legealdian, 2016an, baina ez da erabateko berrikuspenik egin 1998tik", azaldu du alderdi abertzaleak. Hala ere, gogorarazi du 2019an utzi zirela eguneratze hori egiteko oinarriak, eta gehieneko epea 2020ko urrirako ezarri zela ". Eskuineko hirukoak berriz ere bere betebeharrak alde batera utzi ditu, eta, ezer egin ezean, utzikeria horrek Udalak hobarien sistema hori martxan jarri ezin izatea ekar dezake, pertsonak erreskatatzeko oinarrietako bat kolokan jarriz", esan du EH Bilduk.