Iruñea

Albisteak

EH Bilduk ostalaritzari laguntzeko funts bat sortzeko eskatu dio Udalari, pandemiari aurre egiteko lokal seguruen diru laguntzen soberakinarekin


| 2020-11-12 15:02:00

500.000 euroko laguntza honek bat egingo luke koalizioak proposatutako Gizarte Larrialdietarako diru laguntza sortarekin

 

Iruñeko Udaleko EH Bildu taldeak adierazpen bat aurkeztuko du datorren astearteko Presidentzia Batzordean ostalaritzari laguntzeko funts bat sortzea eskatuz, horretarako merkataritza-lokal seguruetarako diru-laguntzetatik gastatu ez den kopurua erabiliz (500.000 euroko gerakina aurreikusten da). "Ostalaritzaren sektorea da pandemiaren krisiaren ondorioak gehien pairatzen ari direnetako bat, eta Udalak laguntza sistema bat antolatzeko gai izan behar du, ostalariak pasatzen ari diren egoera kritikoa arintzen laguntzeko", adierazi du koalizio subiranistak. "Terrazen tasa ez kobratzea ez da nahikoa, sektore osoarentzako babesa eskatzen dute eta horretarako laguntza hauek sortzea proposatzen dugu", azaldu du.

"Erakundeok azkar erantzun behar dugu, eta behar-egoerak aurreikusi, etorkizun  ezegonkor bat kudeatzea tokatuko baitzaigu eta, zoritxarrez, ostalaritza sektoreko jardueraren susperraldi motela aurrreikusten da", azaldu du EH Bilduk. "Hiriko establezimendu guztientzako neurriak ezarri behar dira, irizpide argiekin eta gardentasunarekin, horretarako sektorearekin eta Udaleko talde teknikoekin lankidetzan arituz eta adostasun politiko zabala bilatuz", proposatu du EH Bilduk. Hala ere alderdiak ohartarazi du "egoeraren analisiak aldagai asko dituela eta neurri ezberdinak aplikatu behar direla ze establezimendu motaz ari garen eta non kokatzen den". "Krisi betean gauden honetan, jendeak egoera zailak sufritzen dituelarik, sektoren ekonomiko garrantzitsuak kolokan daudelarik eta jendea itxaropena galtzen ari delarik, oso friboloa litzateke diru partida hau Udal zorra kitatzeko erabiltzea, eta 500.000 euro horiek okerren pasatzen ari direnen egoera arintzeko erabili behar dela uste dugu", esan du oposizioko talde nagusiak.

Laburbilduz, EH Bilduk merkataritza seguruetarako diru laguntzetatik gastatu ez den dirua ostalaritza sektorearen krisia arintzeko erabiltzea eskatu nahi dio Gobernu Estrategikoa, Merkataritzari eta Turismo alorrari. Bigarren akordio-puntu batek proposatzen du Gobernu Estrategikoaren, Merkataritza eta Turismoaren eta Herritarren Segurtasunaren arloei eskatzea "Covid Batzordearen hurrengo deialdian lan-mahai bat eratzeko ostalaritza-sektorearekin, Udaleko talde teknikoekin eta talde politikoekin, egoera desberdinak aztertzeko eta sektore osoari irtenbide integralak emateko".