Iruñea

Albisteak

EH Bilduk merkataritza- bonuen onuradunen zerrendan dentistak, kontsulta mediko pribatuak, farmaziak edo autoeskolak sartzeko irizpideei buruz galdetu dio Mayari


| 2020-11-18 13:36:00

Bonuen espedientea nola izapidetu den galdetu du, ez baitzaie udal taldeei inolako informaziorik eman eta ez dira zerrenda osatzeko irizpideak azaldu

 

EH Bildu udal taldeak galdera bat erregistratu du eskuineko hirukoak merkataritzari laguntzeko bonuen bigarren kanpainaren onuradun izan daitezkeen establezimenduen artean dentistak, kontsulta mediko pribatuak, farmaziak eta autoeskolak sartzeko irizpideak azal ditzan. "Ez dugu oso ondo ulertzen zeintzuk diren jarduera horiek merkataritzari laguntzeko kanpaina baten barruan sartzeko irizpideak; farmazien kasuan adibidez, Gizarte Segurantzaren diru laguntzak jasotzen dituzte dagoeneko, eta beste zenbait kasutan, kontsulta pribatuak esaterako, bigarren jarduerak dira gehienak", argudiatu du koalizio subiranistak.

Eh Bilduk salatu du espediente hau oposizioko taldeei inolako informaziorik eman gabe izapidetu dela, hainbatetan gertatzen den bezala, eta modu ilunean eta azalpenik gabe kudeatu dela. "Bonuen bigarren kanpainari buruzko informazioa eskatu dugu behin eta berriz azken asteotan, eta dagoeneko plegua argitaratu dute baina oraindik ez dugu jaso laguntza jaso dezaketen jardueren zerrenda", azaldu du koalizioak. "Zur eta lur geratu gara eskuineko hirukoak merkataritzarako bonuen onuradun potentzialen zerrendan farmaziak, dentistak, oftalmologoak, kontsulta mediko pribatuak edo autoeskolak sartu dituela jakin dugunean, inolako azalpenik edo irizpiderik zehaztu gabe", azaldu du EH Bilduk.

"Beldur gara onuradunen zerrenda zabaldu nahi izanaren atzean lehen kanpainaren kudeaketaren porrota ezkutatu nahi dutela, orduko hartan eskuragarri zeuden bonuen heren bat baino ez baitziren saldu. Edo, are okerrago, eskuinak kanpaina honekin botuak lortzeko sektore jakin batzuei mesede egin nahi dien", azaldu du koalizio subiranistak. "Edonola ere – gaineratu du EH Bilduk –, eskuineko hirukoak eta alkateak zerrenda hori egiteko erabili dituzten irizpideak azaltzea eskatu dugu".

Azkenik, koalizio subiranistak kultur bonuen kanpainaren atzerapena salatu du: "Kultur sektoreari laguntzeko bonuak egiteke daude oraindik; duela aste batzuk aurkeztu genuen ekimena eta Osoko Bilkuraren gehiengoaren babesa du, baina gobernu-taldeak ez du oraindik martxan jarri". "Ana Elizalde Merkataritzako zinegotzia kanpaina horien kudeaketa kaskarra agerian geratzearen beldur bada, funts horien zati bat kultur sektoreari laguntzera bideratu beharko luke, merkataritzarako laguntza-bonuen onuradunen zerrenda sektore horretan nekez koka daitezkeen jardueretara zabaldu beharrean", ondorioztatu du EH Bilduk.