AKTUALITATEA


| 2022-03-17 15:24:00

Alderdi subiranistak eskatu du alkateak eta bere koalizioak aurrera eraman nahi badute, bere poltsikotik ordaintzea, eta ez diru publikoarekin


EH Bilduk Enrique Maya alkateari eskatuko dio ez dezala inolaz ere udal funts publikoekin finantzatutako komunikazio kanpainarik egin Navarra Sumaren jarrera alderdikoia defendatzeko. Eskakizun hori asteartean Presidentzia Batzordean eztabaidatzeko aurkeztutako adierazpen batean jaso da, eta zalantzan jarri du Alkatetzak hiriburutza-gutunaren gaian kanpaina bat abian jartzeko egindako iragarpena. Lehenik eta behin, Navarra Sumak Iruñeko Udala bahitzeari utzi beharko lioke, Nafarroako Gobernuarekin alderdikeriaz jokatuz, eta, bigarrenik, alderdi politiko gisa, Na+ek estrategia hori berretsi nahi badu, berak ordain dezala kanpaina bere funtsekin, ez Iruñeko herritar guztien funtsekin, dio EH Bilduk.


Adierazpenak gogorarazten du aste honetan alkateak berriz ere tokiko finantzaketa-sistema berriaren aurka dagoela eta, testuinguru horretan, joan den asteartean prentsaurreko bat eman zuen iragartzeko Udalak komunikazio kanpaina bat jarriko duela abian Iruñea Nafarroako hiriburua dela defendatzeko. Ekimen horri buruz ari da alderdi subiranista, eta ahalegin horretan funts publikoak erabiltzeak botere abusua ekarriko lukeela dio (eta ohartarazi du). EH Bilduk uste du erakundeak eta funts publikoak ez direla inoren interes alderdikoiak defendatzeko erabili behar, Legebiltzarrean ematen ari den eta Udalean ere bere erantzunak izan dituen tokiko finantzaketari buruzko sakoneko eztabaidaz gain. «Tokiko finantzaketari buruz dagoen desadostasun legitimoaren barruan, erakundea eta iruindar guztien baliabideak jarrera alderdikoia defendatzeko ez erabiltzea eskatzen dugu», dio.