Koalizioak eskatu du Udalak irmoki gaitzestea Alkatetzatik adierazitako asmoa, zeina Berdintasunerako Ordenantzaren oinarrizko helburuen aurka doan
Iruñeko Udaleko EH Bildu taldeak adierazpen proposamen bat aurkeztuko du Herritarren Aferetarako Batzordean eztabaidatzeko. Proposamen horretan eskuineko hirukoari eskatzen dio errespetatu eta manten ditzala hiri sarrera eta irteeran dauden “Iruñea no tolera las agresiones sexistas/Iruñeak ez ditu eraso sexistarik onartzen" kartelak. Era berean, koalizioak Udalbatzaren gaitzespen irmoa eskatu du Alkatetzatik kartel horiek kentzeko agertutako asmoaren aurrean.
Adierazpen proposamen hau Enrique Mayaren bulegoak hiritar baten eskaera anonimoari emandako erantzunean oinarritzen da. Alkatetzan jasotako idatziak adierazten zuen kartelak jartzea “batasunoen ergelkeria” eta “paletokeria” izan zela eta kartel horiek lehenbailehen kentzeko eskatzen zuen. Larria dena zera da, Enrique Mayak buru duen Alkatetza arloak eskaera legitimo horri eman dion erantzuna: "Argi dago kartel horiek ez dutela zentzurik. Eta, beraz, kentzea litzateke egokiena. Horretarako aukera eta unea bilatuko dugu, polemika interesatuak ez sortzeko ". Erantzun hori "oso larria" dela uste du EH Bilduk; izan ere, Navarra Sumako alkateak Berdintasun Ordenantzan ezarritako helburuak "urratu" ditu eta "onartezina" da, Iruñeak genero indarkeriaren aurka hartu duen jarrera aintzat hartuta.
"Lehenik eta behin, oso larria iruditzen zaigu hai gai sentibera eta larriari horrelako erantzuna ematea. Udal honek azken urteotan eraso sexista guztien eta indarkeria matxistaren aurrean salaketa eta tolerantzia eza adierazteko konpromiso politiko eta publikoa hartu du", adierazi du koalizio subiranistak. "Erantzun hau, herritarrari modu ofizialean bidalia, genero-indarkeria desagerrarazteko borrokan udal erakunde gisa ezarri ditugun oinarrizko helburuei aurrez aurreko erasoa dela uste dugu, eta Berdintasunerako Udal Ordenantzaren eta berdintasunaren arloko gainerako araudiaren aurka egiten du", gaineratu du EH Bilduren testuak. Hirugarrenik, koalizioak Enrique Mayaren jarrera horrek dakarren "moral bikoitza" salatu du; izan ere, batetik, eskaera anonimo bati erantzun esplizitua ematen dio, eta, bestetik, "Genero indarkeriaren aurkako kanpaina instituzional" bat egitea onartu du, Berdintasun Sailak "premiaz" izapidetu beharko lukeena. "Bistan denez, eta ezkutatu nahi duen arren, eskuineko hirukoaren benetako jarrera Enrique Mayaren bulegoak hain modu esplizituan adierazitakoa da; izan ere, asteartean onartutako kanpaina oposiziotik abiatutako ekimena izan zen, EH Bildutik, hain zuzen ere, eta eskuinak bat egin zuen horrekin".
Erantzun horren larritasunaren aurrean, zeina emakume guztiei, mugimendu feministari eta hiriak indarkeria matxistaren aurka duen konpromisoa modu publiko eta garbian ikusarazteko egindako ahalegin kolektiboari" errespetu falta garbia den, Udalak honako bi puntu hauek adostea proposatzen du koalizio subiranistak: