Iruñea

Albisteak

EH Bilduk Iruñeko ikastetxe eta eskola publikoak Covid osteko errealitatera egokitzeko inbertsio planik ez dagoela salatu du eta eskuineko hirukoari premiazko plan bat egiteko eskatu dio


| 2020-09-01 13:07:00

Koalizioak gogorarazi du ekainean onartu zutela plan bat egiteko adierazpen bat eta, bi hilabete geroago, Mayaren taldeak "ez duela ezer egin"

 

Iruñeko Udaleko EH Bildu taldeak Herritarren Aferetarako Batzordean adirazpen bat aurkeztuko du honakoa salatzeko: Iruñeak, "Gobernu taldearen utzikeriagatik", gaur egun ez duela obra eta inbertsio planik hiriko ikastetxe eta eskola publikoen sarea Covid ondorengo errealitatera egokitzeko. Koalizioak bere idatzian salatu duenez, ekainean osoko bilkuraren gehiengoak onartu zuen plan hori egin ahal izateko ikastetxeetan informazioa biltzeko proposamena, baina eskuineko hirukoak ez du bete Osoko Bilkuraren agindu hori. Horregatik EH Bilduk eskatu du prozesu hori premiaz abian jartzea, erakundeak, hezkuntza-komunitatearekin lankidetzan, ahal bai lehen izan dezan ikastetxeak egokitzeko plan bat. Plan horretan eskoletako "barne eta kanpoko espazioak egokitzeko inbertsioak jasoko dira", ikasturtea ahalik eta modu seguruenean hasten dela bermatzeko.

"Egun gutxi barru ziurgabetasunez betetako ikasturtea hasiko da, eta erakundeen ardura da, bakoitzak bere eskumenetan baitan, etorriko diren erronkei aurre egitea", gogorarazi du koalizioak. "Iruñeko eskola publikoek, Hezkuntzako protokoloak bete ahal izateko, barneko eta kanpoko espazioak egokitu behar dituzte, ahalik eta ongizate eta segurtasun gehien bermatzeko, eta hori da eskuineko hirukoak bete ez duena", gaineratu du EH Bilduk. Koalizioak gogorarazi du ekainean plan bat egiteko adierazpen bat onartu zela baina "bi hilabete geroago ez da ezer egin, eta horrek agerian uzten du eskuineko hirukoak ez duela gai horretan interesik. "Ezaguna da gobernu talde honek udal gehiengoari jaramonik ez egiteko duen joera, baina ulertezina da, egoera honetan, gobernu taldeak interes falta hori erakustea", deitoratu du koalizio subiranistak.

Inbertsio proiekturik ez urte eta erdiko epean

Ostiralean eskuineko hirukoak iragarri zuen 72.000 euro inbertituko dituela hiriko 27 ikastetxe publikoen artean. EH Bilduren esanetan iragarpen hori "gustu txarreko txantxa" bat da, "ez bakarrik diru kopurua barregarria delako, baizik eta gure adierazpena indargabetzeko ahalegin maltzurra delako. Izan ere, ez baitute ekainean osoko bilkuran onartu zen hezkuntza zentroekin egin beharreko kontsulta prozesua egin". "Afera ez da espedientea betetzera mugatzea, eskola-komunitateari laguntzeko saiakera serioa egitea baizik, baina atera dezakegun ondorioa oso bestelakoa da: eskuinaren gobernuak urte eta erdian ez du proiektu edo plan bakar bat ere aurkeztu hiriko ikastetxeak mantentzeko eta egokitzeko, aldaketaren gobernuaren legealdian 3,5 milioiko inbertsioak onartu ziren bitartean", argudiatu du EH Bilduk. "Orain 72.000 euro iragartzea (urtero banatzen den partida) ikastetxeei zer behar duten galdetu gabe barregarria eta iraingarria da", gaineratu du.

"Kalitatezko eskola publikoa funtsezkoa da gizarte kritiko, jantzi eta parekidea bermatzeko, aurrean ditugun erronkei erantzun ahal izango diena, hala nola  osasun-arloko krisia edo edo klima-aldaketa. Horretarako, administrazioek baliabideak inbertitzen eta berritzen jarraitu behar dugu, herritar guztiei ahalik eta kalitate handieneko hezkuntza zerbitzuak eskaini ahal izateko ", esan du EH Bilduk.