Iruñea

Albisteak

EH Bilduk Iruñea Ibiltzen diren Hirien Sarean sartzeko izapideak egin ditu Hirigintza Batzordean


| 2021-01-15 13:57:00

Sare horrek oinezkoari lehentasuna ematen dion hirigintzaren alde egiten du, eta eskola-korridore seguruak, oinezkoentzako eremuak eta korridore berdeak lehenesten ditu

 

EH Bildu udal taldeak ekimen bat aurkeztu du Udaleko Hirigintza Batzordean, Iruñea Ibiltzen diren Hirien Sarean sar dadin. Foro horrek nazioarteko izaera du, eta oinezkoa hiri-mugikortasuneko politiken oinarrian kokatzen duten hiriak biltzen ditu; izan ere, espazio publikoa "sozializazio-espazio inklusiboa eta aberatsa da, haren erabileren eta erabiltzen duten pertsonen aniztasunagatik". Funtsean, sare horrek defendatzen duen planteamendua oinezkoentzako espazioak handitzea da, auto eta motor pribatuen erabilera murriztearen kontura.

Ibiltzen diren Hirien Sarea irabazi-asmorik gabeko nazioarteko elkartea da, eta oinezkei erraztasunak emateko konpromisoa duten udalei eta beste administrazio publiko batzuei irekita dago. Haren filosofiaren abiapuntua da ibiltzea "gizakiak berezko duen garraiobiderik naturalena" dela. Estatu mailan, Coruña, Cadiz, Ciudad Real, Kordoba, Irun, Logroño, Gasteiz-Gazteiz, Valentzia, Valladolid edo Zaragoza bezalako hiriek osatzen dute sare hau.

Aipatutakoetaz gain, sare hori arautzen duen beste printzipio bat da hirigintzako alorrean hartzen diren erabakiek ibilgarritasuna ahalbidetu eta sustatu behar dutela, hiri trinko eta konpaktuen aldeko apustua eginez, oinez mugitzea errazteko distantziak gutxituz. Printzipio horrek berekin dakar, besteak beste, pasabide-trafikoa ezabatzea, plataforma bakarreko kale-kopurua handitzea, oinezkoentzako pasabideak altxatzea, espaloi irisgarriak, jarraituak eta ekipatuak egitea, galtzaden sekzioa eta edukiera murriztea, kaleko aparkalekua murriztea eta egoteko erabilerak erraztea.

Sare horren beste printzipio gidari bat bide-segurtasunaren aldeko apustua da, arreta berezia jarriz bidegurutzeetako ikuspenari eta 30 km/h-ko gehieneko abiadura orokorrari, salbuespenezko bideetan izan ezik, eta 10 km/h-ra murriztuz oinezkoen lehentasunezko eremuetan eta eskola-inguruneetan. Era berean, espaloiek eta oinezkoentzako gainerako espazioek oinezkoen izaera zaindu beharko dute. "Ibilbide irisgarriak dituen hiri inklusiboa" lortu nahi da.

Era berean, Ibiltzen diren Hiriek "kalea haurrentzako berreskuratzeko" konpromisoa hartu dute. "Ez dira onargarriak lehen hezkuntzako ikasleei autonomiaz ibiltzea zailtzen dieten diseinu eta erregulazioak"; horregatik, sare horren oinarrietako bat da "eskola-komunitatearekin batera landuko diren" eskola-bide seguruen aldeko apustua egitea.

Azkenik, hiri-ingurumena zaintzeko, Ibiltzen diren Hiriek "lehentasuna ematen diote energia garbia erabiltzeari, batez ere garraio publikoan, zuhaitzak behar bezala landatzeari eta hirian ere biodibertsitatea bultzatuko duten korridore berdeen jarraitutasunari".