Iruñea

Albisteak

EH Bilduk Haur Eskoletako aldaketak indargabetzea eta taldeei, ikastetxeetako zuzendaritzei eta familiei hitza ematea eskatuko du Osoko Bilkuran


| 2021-01-29 13:57:00

Na+ eta PSNri konpromisoak bete ditzatela eskatu die, eta zerbitzuaren kalitate pedagogikoa errespetatuz eskaintza eta eskaria egokituko dituen proposamen bat adosteko foro bat sor dezatela

 

Iruñeko Udaleko EH Bildu taldeak adierazpen bat aurkeztu du Osoko Bilkuran "haur eskoletako hizkuntza-eredua berregituratzea aldebakartasunez eta zehaztasun gabe” egin dela errefusatzeko, eskoleatko zuzendaritza guztiak erabaki horren aurka daudela azpimarratuz.  Era berean, koalizioak akordioa atzera bota dezala eskatu dio gobernu taldeari, eta talde politiko, zuzendaritza, langile eta familien parte-hartzearekin eztabaida ireki dezala eskatu dio, "zerbitzuaren kalitateari eutsiko dion eta Iruñeko gizarte osoaren beharrei eta eskubideei erantzungo dien hizkuntza eskaintza plan bat diseinatzeko".

EH Bilduk gogorarazi du bai Haur Eskolen Batzordean, bai Herritarren Gaietarako Batzordean, akordio bana onartu zirela honako konpromisoarekin: gobernu-taldeak eztabaidarako gune bat sortzea eta akordio politiko bat lortzeko helburuarekin dauden proposamenak txertatzea. "Hori ez da bete eta ez da bete nahi", salatu du eta beste proposamen bat dagoela aldarrikatu du, HE Gurasoak Elkarteak sinatua, geografikoki modu orekatuan banatutako lau eskolatan euskarazko eredua ezartzeko. "Eskuineko hirukoa konpromiso hori betetzera behartuta dago, eta PSNk hori bermatu beharko luke", esan du koalizioak, eta gogorarazi du PSNk hizkuntza eskaintza eskariari egokitzeko konpromisoa hartu zuela. "Orain bultzatu nahi dutena zentzugabekeria da, eta ez du ez berme pedagogikorik ezta ikastetxeetako zuzendaritzen babesik ere, eta, ondorioz, inposaketa bat da, udal honen gehiengoaren konpromisoak zapaltzen dituena", esan du EH Bilduk.                                                                                

Saio berean, hiriko apustu-etxeak arautuko dituen distantzien sistema berria bozkatuko dute, EH Bilduk egindako proposamena azken hau (2019ko iraila). "Orain batzuek meritua bereganatu nahi dute, baina urtebete baino gehiago atzeratu dute eztabaida hau", esan du koalizioak. "Garrantzitsuena da proposamen hau aurrera aterako dela eta Iruñeak tresna eraginkorra izango duela gazteen artean ludopatia arriskua murrizteko". "Araudiaren beste alderdi batzuk garatzea falta da oraindik, publizitatearen erregulazioa edo kontzientziazio ikastaroak, esaterako", gaineratu du EH Bilduk.