Iruñea

Albisteak

“EH Bilduk ez du legitimatuko Na+ Alde Zaharreko ostaralitzari irteerak emateko auzian daraman atzerapen estrategia”


| 2021-02-09 15:05:00

Koalizioak honakoak aurpegiratu dizkio: auzokoak eta ostalariak ez entzutea, euren akordioei ezikusiarena egitea, Kaldereriako akordioa kasu, eta Covid batzordea Nabarrerian eta Jarautan irtenbideak bilatzea atzeratzeko erabiltzea

 

Alkateak eta gobernu-taldeak Alde zaharrreko terrazen aferan erabakiak hartzeko daramaten atzerapen estrategia kontuan hartuta eta Mayak Caldereria kalean lortutako akordioa mespretxatu duela ikusita, EH Bilduk Covid batzordearen bilera bertan behera uzteko erabakia hartu du gaur. "Ez dugu legitimatuko Navarra Sumak Alde Zaharreko ostalaritzarekin daraman atzerapen estrategia, eta bi eskaera argi egiten ditugu: lehenik eta behin, aldeen artean adostutako akordioak errespetatu eta lehenestea, eta, bigarrenik, hirukoaren gobernuak epeltasuna alde batera uztea eta Alde Zaharreko beste kale batzuetan (Nabarreria eta Jarauta) irtenbideak behingoz aurkezteko erantzukizuna bere gain hartzea".

"Zazpi hilabete dira Navarra Sumak Sarasateko terrazak baimendu zituela, eta orain dela gutxi handitu egin dira. Aldiz, Alde Zaharrak zazpi hilabete irtenbiderik gabe, ostalaritza sektoreko langileak gero eta egoera prekarizatuagoan dauden bitartean". "Premiazkoa da konponbideak ematea", esan du EH Bilduk, eta horiek definitu behar dituzten hiru printzipioei eutsi die: "Lehenik eta behin, auzotarren eta ostalaritzaren arteko adostasunak lehenetsi behar dira; bigarrenik, terrazak dauden kaleen ordutegiak eta bizigarritasun-baldintzak errespetatu behar dira, eta, azkenik, irtenbide horien salbuespen-izaera azpimarratu behar da, pandemiak irauten duen bitartean soilik baimenduko dira".

"Kaldererian gertatutakoa ezin da berriro errepikatu, are gehiago Na+ek proposatutako konponbideak, Konpainian karpa bat muntatzeak, tirabirak sortzen dituela kontuan hartuta", azaldu du koalizioak. "Ez dugu horrelako jokabiderik legitimatuko, eta nahiago dugu ostalari eta auzokideekin lan egin akordioak bultzatuz eta alternatibak bilatuz, gobernu taldea Alde Zaharreko sektoreari inposatzen ari zaion itotze estrategia babestu baino, akordio politiko baten bila dabilenaren aitzakiarekin, Sarasaten ez duenean horrelako akordiorik exijitu”, azaldu du koalizioak.