Iruñea

Albisteak

EH Bilduk eta Geroa Baik altuerako merkataritza arautu eta mugatzeko proposamen arauemaile bat bultzatuko dute Iruñean


| 2020-11-23 13:59:00

Ekimenak proposatzen du udal barrutian merkataritza azalera 1.500 metro karratura mugatzea eta lokalak beheko solairuan eta lehen solairuan soilik ezartzea

 

EH Bildu eta Geroa Bai udal taldeek Iruñeko erdigunean altuerako merkataritza arautu eta mugatzeko proposamen arauemaile bat sinatu dute, eta asteazken honetako Hirigintza Batzordean hasiko da tramitatzen. Funtsean, araudi aldaketa honek proposatzen du hiri erdigunean merkataritza azalera 1.500 metro koadrora mugatzea, eta beheko solairua edo lehen solairuetan soilik baimentzea merkataritza azalerak ezartzea. Ekimen arauemaile hau Hirigintza Araudi Orokorraren (HAO) 28. artikuluaren aldaketa gisa izapidetzen da, eta, alderdien esanetan, hiriko merkatarien oniritzia du eta “tokiko merkataritza babestu eta bultzatzeko tresna" izatea du helburu.

"Ukaezina da azken urteotan tokiko merkataritzak oso modu gogorrean jasan dituela beste merkataritza-eredu batzuen ondorioak, hala nola saltoki handienak edo on-line merkataritzarenak", dio testuak, eta horrek "hainbat saltoki ixtea ekarri du, bai hiri erdigunean, baita auzoetan ere". Gainera, Iruñea Europako bigarren hiria da biztanleko merkataritza-guneen dentsitateari dagokionez (458 m2 1.000 biztanleko), eta, horri Covidaren krisiak sektorean eragin dituen ondorio larriak gehitzen badizkiogu, "premiazkoa da erabakiak hartzea, artean, EH Bilduk eta Geroa Baik proposatutako arau aldaketa hauxe”.

Proposamen honen helburua hiri eredu zehatz bat bultzatzea da, "bizitegi-erabileren eta merkataritza-jardueren artean harmonia ahalbidetuz, udal barrutian garapen jasangarria lortzeko eta merkataritza-gune handien eragina ahalik eta gehien murrizteko asmoz". Arau-proposamenaren oinarria da hiriko lurzoru finkatuaren bizitegi-eraikuntzetan altuerako merkataritza-erabilerak arautzea, bizitegi-erabileren eta merkataritza-jardueren arteko harmoniaren alde lan egiten jarraitzeko, eta, merkataritza-eskaintzaren arloan erdigunearen eta auzoen arteko oreka lortzeko". Horretarako, proposamen arauemailea Hirigintza Araudi Orokorraren 28. artikuluaren aldaketa proposatzen du, "erabileren bateragarritasuna arautzen baitu, hau da, toki jakin batean ezar daitezkeen erabilerak arautzen ditu, bateragarriak direlako Udal Planean edo garapen-plangintzan ezarritako erabilera global edo xehatuekin. Laburbilduz: "28. artikulua 2010ean egin zen moldaketaren aurreko testura itzultzea proposatzen da, hiriko lurzoru finkatuaren bizitegi-eraikuntzetan altuerako merkataritza-erabilerak kokatzea eragotziz".

Ekimen hau momentu honetan izapidetzen ari den Tokiko Merkataritza Bultzatzeko eta Babesteko Udal Ordenantza berriari gehitzen zaio. Ordenantza honen helburua merkataritzak hiriarentzat duen garrantzi estrategikoa aitortzea eta hura bultzatzen, babesten eta kontserbatzen lagunduko duten tresnak ahalbidetzea da, bereziki, establezimendu enblematikoei dagiokionez.