Iruñea

Albisteak

EH Bilduk eskatu du Udalak Alde Zaharreko haur jolasguneetako bat estal dezala


| 2021-01-19 13:43:00

Koalizioak gogorarazi du Alde Zaharra Iruñeko "egongela" izan arren, bere hiru jolas parkeetako batek ere ez duela estalitako gunerik

 

EH Bildu udal taldeak Hirigintzako Batzordean adierazpen proposamen bat aurkeztuko du Alde Zaharrean dauden haurrentzako hiru jolasguneetako bat estaltzeko lanen exekuzioa aurten aurrekontu bidez hornitzeko konpromisoa eskattzeko.

Iruñeko haur jolasguneen sareak 115 gune inguru ditu, auzo ezberdinetan sakabanatuta. Horietako gehienak ez daude estalita, eta, beraz, euria egiten duen egunetan haurrek ezin dituzte erabili, ezta bero handia egiten duenean ere. "Nahiz eta Iruñeko giroa epela izan, prezipitazioak ugariak dira, eta urteko egun askotan haur parkeak erabiltzea ezinezkoa da. Aukera bakarra ordaindu beharreko estalitako espazio pribatuak erabiltzea da, eta pertsona guztiek ez dute horretarako aukerarik", adierazi du EH Bilduk.

Iaz, IFSei gehitutako diruari esker, Iturrama eta Mendillori parkeak ehungintza-arkitektura bidez estali ziren. Era berean, Sanduzelai auzoko koadrante zaharrena berritzeko Erdigune proiektuaren baitan estalitako beste haur-jolasgune bat aurreikusten da. "Hala ere, Alde Zaharrean haurrentzako hiru jolas gune daude San Frantzisko, Konpainia eta Santa Ana parkeetan, baina bakar bat ere ez dago estalita". Hain zuzen, "Alde Zaharreko kaleak umeentzat atseginenak dira, oinezkoek lehentasuna dutelako eta trafikoa murritza delako", gogorarazi du koalizio subiranistak.

Horregatik hain zuzen EH Bilduk eskatuko du hirian egingo den hurrengo jolasgune estaldura Alde Zaharrean izan dadila.