Iruñea

Albisteak

EH Bilduk eskatu du eskuineko hirukoak bete eta aurkez dezala hilabeteko epean eskola-bide seguruak garatzeko plan bat, hiriko ikastetxe guztiak barne hartuko dituena


| 2020-09-04 13:39:00

Pandemiak kultur sektorean dituen ondorioak arintzeko, Kulturako diru-laguntza lerroak sustatzeko eskatu dio koalizioak Mayaren taldeari

 

Iruñeko Udaleko EH Bildu taldeak Presidentzia Batzordean adierazpen proposamen bat aurkeztuko du, ikastetxe ezberdinetako hezkuntza komunitateekin elkarlanean, eskola bide seguruak garatzeko plan bat egitea eskatzeko. Proposamen horretan eskatzen da, halaber, lan hori Mugikortasuneko eta Herritarren Segurtasuneko Arloekin koordinatuta egitea, eta inbertsioen eta gauzatzeko epeen aurreikuspena jasotzea, hiriko ikastetxe guztiek sarbide-ibilbide seguruak izan ditzaten.

"Eskola-bideak apustu sozial eta hezitzailea dira, eta bertan parte hartu behar dute irakasleek, gurasoek, inguruko bizilagunek, merkatariek eta udaltzainek, baina, batez ere, Udalak gidatutako apustua izan behar du. Zoritxarrez, ikusten ari gara beste behin ere eskuineko hirukoak utzikeria egiten duela gai horrekin", hausnartu du koalizio subiranistak. Covidaren egungo krisian, ikastetxeetarako sarbide seguruak bermatu behar dira, ikasleek, langileek eta irakasleek segurtasun-tarteak gorde ditzaten, eta, ondorioz, Udalak, erakunde gisa, proiektu horiek gidatu behar ditu eta hori da lortu nahi duguna ", argitu du EH Bilduk. "Ibilbide horiekin mugikortasun jasangarria bultzatzen da, kutsadura gutxitzen da eta gazteenen arteko istripu-tasa murrizten da, eta, gainera, haurren autonomia, osasuna eta garapena sustatzen dira", esan du koalizioak.

Herritarren Segurtasunerako eta Mugikortasunerako zinegotziaren esku-hartzeen ondorioz, agerian geratu da eskuineko hirukoak ez duela horrelako planik, eta hori da EH Bilduk adierazpen hori aurkeztera bultzatu duen arrazoia. "Eskola bide seguruen dinamika hau babesteko adostasun zabala egotea nahi genuke, eta hori apustu politiko eta instituzional argi eta bateratua baldin badago bakarrik izango da posible", esan du koalizioak.

Herritarren Aferetarako batzordean ere aurkeztuko du beste adierazpen bat EH Bilduk. Kultur Sailari eskatuko dio "bi asteko epean Nafarroako Aldizkari Ofizialean aurkeztu eta eta argitaratzeko 2020rako Kultura Diru-laguntzen Plan Orokorrean jasotako diru-laguntza lerro guztiak". Koalizio subiranistaren arabera, "pandemiak aurrera egin ahala, pandemiaren ondorioak eremu guztietan nabaritzen dira, eta, bereziki, kulturan eta diziplina artistikoetan"; beraz, funtsezkoa da "Administrazioek eraginkortasunez eta gardentasunez kudeatzea baliabide eta bitartekoen banaketa, krisiak sektore hauetan izan dezakeen eragina minimizatzeko".