Iruñea

Albisteak

EH-Bilduk 2019ko txupinazoaren inguruko hiru auto errekurrituko ditu; Abaurrea ikertzen duena, Carmen Alba aske uzten duena eta Maider Belokiren aurkako erasoa alboratzen duena


| 2020-09-18 12:09:00

Koalizioak Na+ek beraien paralisia eta ezintasuna estaltzeko darabilten estrategiaren baitan kokatu du gai hau, Abaurrea defendatuko duela argitu du eta zalantzan jarri du Mayak dimisioak eskatzeko duen zilegitasuna

 

EH Bilduk helegitea aurkeztuko du Instrukzioko 5 zenbakiko Epaitegiak 2019ko uztailaren 7an Sanferminetako txupinazoa bota eta gero udaletxean gertatutakoari buruz emandako autoetatik hirutan. Hain zuzen ere, Joxe Abaurrea zinegotziari irekitako ikerketaren aurkako helegitea, Carmen Albaren aurkako salaketa artxibatzearen aurkakoa, eta, azkenik, Maider Beloki EH Bilduko zinegotziak jasandako erasoak saihesten dituen autoaren aurkako helegiteak aurkeztuko dituzte. Koalizio subiranistak azaldu duenez, "ez gatoz bat epaile honek hartutako erabakiekin, ezta gertaera horien inguruan egiten duen kontakizunarekin ere", horregatik aurkeztuko ditugu helegiteak. "Enrique Mayaren erabaki politiko bidegabe batek eragindako ika-mika dela defendatu dugu beti", azaldu zuen Joseba Asironek, "Gertakarien sekuentzia errealitate horretan oinarrituta ulertu behar da". EH Bilduren ustez, 5. epaitegiko titularrak emandako autoek "errealitate hori testuingurutik kanpo uzten dute, ika-mika hartan parte hartu zuen bakarra Joxe Abaurrea izan balitz bezala, sainete tamalgarri hartako aktore guztien portaerek elkarren artean loturarik ez balute bezala, Maider Belokik erasorik jasan ez balu bezala edo Carmen Albak erasorik egin ez balu bezala".

EH Bilduren udal taldeko bozeramailea bereziki irmoa izan da alderdiak eta udal taldeak Joxe Abaurreari emango dioten babesari dagokionez: "Ni, udal talde honen arduraduna naizen aldetik, baina baita gainerako zinegotziak eta ordezkatzen dugun indar politikoa ere, EH Bildu, prest gaude behar den lekuan gure kidearen errugabetasuna defendatzeko, eta ez gure kidetasun politikoagatik, baizik eta gu guztiok izan ginelako han gertatutakoaren lekuko.

Enrique Mayak atzo egindako dimisio-eskaerari buruz, Joseba Asironek, Joxe Abaurreak eta Maider Belokik lagunduta, honako hau argitu du: "ez gara epai irmo batez ari, ezta lehen auzialdiko epai batez ere, diligentziak irekitzeko auto batez ari gara, eta Mayak prozesu honen amaiera zein den iragarri du etekin politikoa ateratzeko duen nahiak bultzatuta". "Eta agian arinegi ibili da, zeren eta, ez dezagun ahaztu, Mayak berak emandako erabaki politiko batek eragindako gertakariez ari gara, eta horien oinarri legala eztabaidagarria da". Gainera, EH Bilduko bozeramaileak gogorarazi duenez, "bitxia da, zeren eta bera dieta irregularrak kobratzeagatik inputatuta egon zen eta dimititzeari uko egin zion, eta orain inoren dimisioa eskatzeko maila morala duela uste du. Zilegitasuna izateko, Mayak ereduarekin predikatu beharko luke"

Azkenik, Joseba Asironek Enrique Mayaren agerraldiaren irakurketa politikoa egin du. Lehenik eta behin, Navarra Sumako alkateak "ahozko epaiketaren hasiera eskatzeko udal baliabide guztiak" erabiliko dituela iragarri izana gaitzetsi du. Horren harira, "baliabide horiek guztiak orain bizi dugun krisi sozial eta ekonomiko sakonari aurre egitera bideratu beharko lirateke, ez politika egitera". Asironek gogoeta bat gehitu du: "irmotasun horren falta sumatzen dugu, adibidez, Maya CANeko dietak kobratzeagatik inputatu zutenean, bera alkate zela".

"Gure ustez, erabaki hau beste urrats bat da gure hiria liskar identitarioan kokatzeko. Eskuina oso eraso dago liskar identitarioan eta 20 urtez baino gehaigoz baliatu izan da horretaz boterean mantentzeko", gaineratu du EH Bilduko bozeramaileak, "Navarra Suma hiri hau kudeatzen, ondo kudeatzen, saiatu beharko luke. Horren ordez, beraien gaitasun eza estaltzeko borroka politikoak egiten saiatzen ari dira".