Iruñea

Albisteak

EH Bilduk 2 milioi euro bideratzea proposatu du tokiko merkataritzarako laguntza egonkorretarako, urte osoko bonu kanpaina baten bidez


| 2021-02-15 13:23:00

Presidentzia batzordean aurkeztuko duen adierazpenean sektore ekonomikoen araberako kupoak ezartzea, pertsona bakoitzak erosi beharreko bonuen kopurua berrikustea eta auzoen arteko oreka sustatzea eskatuko du

 

EH Bilduk merkataritza-bonu iraunkorren kanpaina bat abian jartzea eta hori finantzatzeko bi milioi euroko partida gaitzea defendatuko du biharko Presidentzia batzordean, Covid 19ak eragindako krisi honetan tokiko ekonomiari eta auzoetako merkataritzari laguntzeko neurri eraginkor gisa.  Proposamenak hiru puntu ditu: lehenengoan, kanpaina diseinatzeko eskatzen zaio Merkataritza Arloari; bigarrenean, hurrengo aurrekontu-aldaketetan Udalak kanpaina finantzatzeko 2 milioi eurora arteko partida ekonomiko bat sartzeko konpromisoa har dezala eskatzen da, eta, azkenik, "ahalik eta lasterren" Merkataritza Mahai bat deitzea planteatzen da, kanpaina honen edo beste batzuen irizpideak eta funtzionamendua eztabaidatzeko.

Adierazpenak gogora ekarri nahi du iazko apirilaren 17an, eta salbuespen egoeraren ondorioz, EH Bilduk bonuen lehen kanpaina martxan jartzea proposatu zuela, eta maiatzean onartu zela pandemiari aurre egiteko ezohiko inbertsioen lehen sorta, nahiz eta gobernu taldeak ez zuen irailera arte martxan jarri lehen kanpaina, eta azaroan egin zuen bigarrena. "EH Bilduk neurri horien egokitasuna balioesten du, nahiz eta hobetzeko elementuak dauden, bai operatiboki, bai funtzionamenduari dagokionez", adierazi du koalizioak, eta bonuen inguruan hobetu beharreko lau gai aipatu ditu: "Kanpainen urtarokotasuna (hurrengo ekitaldietan zabaltzen diren kanpaina egonkorren aldeko apustua egiten da), sektore ekonomikoen araberako kupoak ezartzea, pertsona bakoitzak eskuratu beharreko kopurua berrikustea eta auzoen arteko oreka.

2021eko aurrekontu proiektuak 1,29 milioi euro aurreikusten ditu bonu kanpainetarako eta merkataritza segururako diru-laguntza lerroetarako. "EH Bilduk uste du tokiko ekonomia bultzatzeko erronkak bere horretan dirauela, akaso iaz baino larriagoa, eta aurrekontuetan aldaketak eginez gero, partida handitu egin behar dela, tokiko ekonomia sustatzeko", gaineratu du.