Iruñea

Albisteak

Eh Bildu udal-langileen ordezkariekin bildu da, haien eskaerak entzuteko eta Na+en kudeaketak Giza Baliabideen arloan sortutako tentsio-egoera aztertzeko


| 2020-10-07 14:41:00

Iruñeko Udaleko EH Bildu udal taldea Iruñeko Udaleko plantillaren sindikatu gehienetako ordezkariekin bildu zen ostiralean, haien eskaerak entzuteko eta eskuineko hirukoaren kudeaketaren ondorioz sortzen ari den egoera kaxkarra aztertzeko. Udaletxeko batzorde-aretoan egin zen hitzordu horretan, udal-langileen ordezkariek azaldu zuten "une kritikoa" bizitzen ari direla, bai Covid-arekin sortutako egoeragatik, bai "langileen eta giza baliabideen arduradunen arteko ulermen ezagatik".

"Egungo krisiari aurre egiteko langileei % 110 emateko eskatzen ari garenean, erakunde gisa eredugarri izan behar dugu", adierazi du koalizio subiranistak. "Sindikatuek uste dute Covidaren egoeraren ondorioz planteatzen ari diren eskakizunek langileen eskubideak murrizten dituztela, eta eskubide horiek berreskuratzen saiatzeko borrokan, EH Bilduk erabateko babesa eman zien", laburbildu du.

Maria Echavarri Giza Baliabideetako zinegotzi ordezkariak negoziazio-mahaietara joan nahi ez zuenez, koalizio subiranistak konpromisoa hartu zuen langileen eta Udaleko kudeaketa politikoaren arduradunen arteko komunikazio-bideak irekitzeko. "Argi dago ez dagoela elkar ulertzeko esparrurik langileen ordezkarien eta Giza Baliabideen arloko arduradunen artean. Egoera horrek ez du udal zerbitzuen kalitatean eragin langileen profesionaltasunari esker, baina ezin da onartu arloko arduradun politikoak sindikatuen ordezkaritzarekin elkartu nahi ez izana", laburbildu du koalizioak. Tentsio horren adibide da Udaltzaingoaren ordezkaritzak atzo Segurtasun eta Osasun Batzordearen bileran Giza Baliabideetako zuzendariari eman zion plantoa, eskuineko hirukoak Covid planaren aplikazioaren ondorioak negoziatu nahi ez duela salatzeko.