Iruñea

Albisteak

EH Bildu: "Mayak bere benetako aurpegia erakutsi du iruindarroi Frankismoaren krimenak ikertzeko eskubidea ebatsiz"


| 2021-01-15 14:09:00

Na+ek aukeratutako izendapen askeko kargudunak egindako txosten juridikoaren argudioak zalantzan jarri ditu koalizioak, eskuineko hirukoak Udalbatzaren gehiengoaren nahiari muzin eginez kereila NBEra eramatea galarazi nahi duelako

 

EH Bildu udal taldeak ez ditu Navarra Sumak aukeratutako izendapen askeko kargudun batek egindako txosten juridikoaren irizpideak onartzen. Izan ere, txosten honekin Enrique Mayak Udalbatzaren gehiengoaren nahia zapaldu eta Frankismoko krimenen aurkako kereila geldiarazi nahi baitu. "Oso larria da Enrique Mayaren gehiegikeria berri hau justifikatzeko izendapen askeko zuzendari baten argudioak erabiltzea, are gehiago argudio horiek hiri honetako krimen frankistak zigorrik gabe uztea defendatzen dutenean” , salatu du koalizio subiranistak. "EH Bilduk ez dio uko egingo salaketa hau aurrera eramateari, eta ez du onartuko gehiegikeria berri hau erantzunik gabe geratzea, Mayaren eta bere bazkideen benetako izaera politikoa argi geratu da, iruindarroi frankismoaren krimenak ikertzeko eskubidea herritarrei ebatsi nahi baitiete", adierazi du koalizioak.

Salaketa hori Gonzalo Pérez Remondegui Udaleko zerbitzu juridikoen zuzendariak egindako txostenaren edukia egiaztatu ondoren egin da. Txosten horren arabera, Osoko Bilkurak ez du krimen frankisten aurkako kereila Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordearen aurrean "jarraipena emateko" eskumenik, eskumen hori Enrique Mayari bakarrik baitagokio. "Eta hori aurreko legealdian prozesu hau guztia martxan jartzea erabaki zenean, hain zuzen ere, Udalbatzaren akordio baten bidez egin zen arren", gogorarazi du EH Bilduk. Are gehiago, "abenduaren 12an Udalbatzaren gehiengoak kereila NBEn aurkezteko agindua eman zion udalari", gaineratu du. “Alkatetza berri baten aurrean gaude, hemen 40 urtez gertatu zena isilarazi nahi duena, Navarra Suma eta, batez ere, Espainiako ultraeskuinaren kideak pozik uzteko", salatu du koalizioak.

"Gizateriaren aurkako krimenek ez dute preskribatzen eta krimen horiek zigor gabe uzteko Espainiak Eskubide Zibilen Nazioarteko Ituna Frankismoa amaitu arte sinatu ez zuela argudiatzea arduragabekeria izateaz gain, zinismo politikoa ere bada", adierazi du EH Bilduk.

Koalizioaren ustez, "Navarra Sumaren esku balego, Memoria Historikoaren Legea indargabetuko lukete, Iruñeko kale eta plazak berriz ere faxismoa goratzeko izenak izango lituzkete, Mola eta Sanjurjo jeneral kolpistek ohorezko mausoleo batean jarraituko lukete hiriaren erdigunean, eta diktadurak hiri honetan fusilatu, erail, torturatu eta errepresaliatutako milaka pertsonak ahaztu egingo lirateke". "Osasunaren Memoria elkarteak duela egun batzuk klub gorritxoari egindako omenaldia baztertzea jarrera horren beste adibide garbia da, alkate honek eta bere taldeak nahiago dute ultrak poztu, askatasuna defendatu zutenen ondarea aitortu baino", deitoratu du EH Bilduk.

Koalizioak Udalbatzaren gehiengoaren borondatea errespetatzeko eta kereila Nazio Batuen Erakundean aurkezteko eskatu du. Hartara, gainerako udal taldeei eskaera hau babesteko gonbita luzati die, "36ko oinordekoei herritarren nahiaren gainetik pasatu eta guztioi isiltasun derrigortua inposatzea eragozteko”.

Azkenik, EH Bilduk iragarri du kexa formal bat aurkeztuko diola gobernu-taldeari, txosten hori, udal-taldeei eman aurretik, prentsara filtratu duelako iritzi publikoa baldintzatu asmoz".