Irun

Albisteak

Gobernu-programari buruzko udalbatzaren balorazioa


| 2021-02-09 09:58:00

Joan den ostiralean udal gobernuaren programari buruz eztabaidatzeko udalbatza egin genuen. Udal gobernuak bultzatutako ekimen hau probestu genuen Irungo EH Bilduren proposamenak mahai gainean jartzeko. Proposamen hauek guztiak, 62.000 irundarren beharrei erantzuten dizkielakoan gaude, eta gure ustez, erabat onargarriak ziren ezkerreko gobernu batentzat.

Orain aste batzuk PSE eta Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzaren arteko gobernua osatu bazen ere, momentuz, ez dugu sakoneko aldaketarik antzeman. Egoera honen aurrean, 17 proposamen aurkeztu genituen, beti ere irundarrak gure politiken erdigunean jarrita.

Hauexek izan ziren gure proposamenen aurrean udal gobernuak bere gain hartu zituen konpromisoak:

 

-Euskararen erabileraren arloan: hizkuntza paisaia hobetzeko lokalez lokaleko lan bat euskarak presentzia gehiago izan dezan. Euskalgintzarekin batera lan egitea, eta haur eta gazteei zuzendutako programazio gehiena euskaraz izatea.

-Etxebizitza: etxebizitza hutsekin behingoz lan bat abiatzea.

-Kultura eragileak babesteko plan berezitu bat egin, eta euskal kulturaren sustapen argia. Puntu horretan, gure taldeak euskal kulturarentzako espazio fisiko baten sorrera mahai gaineratu zuen, eta proposamena, onartu egin zuten.

-Ongizate arloan beharrezkoak diren baliabideak jartzeko konpromisoa hartu zuten aurkeztuko diren babesgabetasun egoerei aurre egiteko.

-Etxegabekoen kasuan, Irungo Udal Gobernuak inork kalean (borondatez) lo egin behar ez izateko konpromiso argia hartu zuen. Proposamen horretako azalpenean gaur egun dispositiboen plazak igotzeko beharra trasladatu genuen, eta puntu horrek udal gobernuaren 14 bozkak jaso zituen. Eskertzekoa, zalantzarik gabe, iritzi aldaketa hori.

-Parte hartze zuzenari dagokionez, udal gobernuak konpromiso argia hartu zuen auzotarren parte hartzea bultzatzeko.

-Kirolaren arloan, planteamendu ezberdinak egin genituen. Batetik udal kirol instalazioak irekitzea auzotarrentzat, eta bestetik orain zuzenean kudeatzen ez dituen udal kirol instalakuntzen kontrola errekuperatzea, eta kudeaketa zuzena egitea. Espero ez bagenuen ere, udal gobernuak gure proposamena entzun ondoren, bere gain hartu zuen.

-Energia berdearen agentziarekin konpromisoa berretsi eta udal gobernuak baiezkoa eman zion berritzailea den ideia bati: irunen izango ditugu lehenengo auzo energía komunitateak. EH Bildun horiekiko dugun planteamendua partekatzeko prest gaude eta berri hau oso pozgarritzat hartzen dugu.

-Eremu degradatuak bizi berritzeko plan estrategiko bat, eremu berde gehiago, eta korridore ekologikoen garapenean lan egingo duen hitza eman zuen udal gobernuak.

-Arlo ekonomikoan, EH Bilduk planteatu zuen eredu kapitalistaren gainbeheran dagoen honetan ekonomia sozial eraldatzaile bezalako planteamenduei eutsi behar zaiela. Arlo horretan dauden eragileekin elkar lan bat abiatzea eta estrategia zehatz bat egitea onartu egin zuen udal gobernuak.

-Bukatzeko, duela bi aste autonomo, enpresa txiki, merkatari, ostalari, kultur eragile, eta abarrentzako berraktibatze plana aurkeztu genuen. Bertan 3 M €ko kopurua planteatu genuen, eta ostiraleko plenoan proposamen hori eraman genuen. Sektore hauei laguntzeko beharra nabarmendu ostean proposamen hori berea egin zuen udal gobernuak.

 

Guztira 17 puntu izan ziren bozkatzaera eraman zirenak eta denak aurrera atera ziren hiru izan ezik: alarde publikoa antolatzearena, Irun 0 zabor eta hiriaren deszentralizazioa.

Oso esanguratsua iruditzen zaigu ezkerreko programa batean berdintasuna, udal zerbitzuak auzoetara hurbiltzea eta 0 zabor politika modu egokian ez jasotzea.

Onartutako proposamenei dagokionez, jakin badakigu ez direla lotesleak udal gobernuarentzat eta paperak dena onartzen duela. Hitz politak eta konpromiso hutsalak jada ez dira nahikoak. Hala, Irungo EH Bildun, ezkerreko alternatiba garen heinean, lanean jarraituko dugu konpromiso horiek benetan bete daitezen exijituz. Horretarako, ezinbestekoa da udal gobernua hitzetatik ekintzetara pasatzea konpromiso horiek beharrezkoak dituzten baliabide guztiak martxan jarriz: izan langile aldetik, izan teknikoki, izan ekonomikoki.

Datozen asteotan aurrekontuei buruzko negoziazioa emango da. Guk jada aurkeztu ditugu ezinbestekoak jotzen ditugun ardatzak eta proposamen gehiago etorriko dira. Inor atzean utzi nahi ez bada salbuespeneko egoera bati salbuespeneko neurriekin egin behar zaio aurre, eta horretan, gure taldetik elkarlanerako prestutasun osoa adierazten dugu. Beti ere Irundarron bizi-baldintzak hobetu asmoz.