Irun

Albisteak

EH Bilduk sustatuta, alokairu publikoko 10 etxebizitza eraikiko dira Alarde eremuan


| 2021-01-28 10:39:00

Irungo EH Bilduk udal gobernuarekin egindako 2020ko aurrekontu akordioak etxebizitza zuen ardatz nagusietako bat. Besteak beste, Irunen lehen aldiz alokairu publikoko etxebizitza parkea sortzea zuen helburu.

Akordio horri esker, IRUNVIko Administrazio Kontseiluak Alarde eremuan alokairuko babes ofizialeko hamar etxebizitza berri eraikitzeko oinarrizko proiektua onartu du. Eta hori aurkezteko prentsaurrekoa eman dute EH Bilduko Oihana Brionesek eta Udal gobernutik Rebeca Gonzálezek eta David Nuñok.

Oihana Brionesek positibotzat jo du proiektua martxan jarri ahal izatea: “Orain urtebeteko aurrekontuen negoziazioan, etxebizitzaren inguruko gaiak lehen lerroan jarri nahi izan genituen. Esan genuen akordio positiboa zela kuantitatiboki eta kualitatiboki. Gaur, alokairu babestuko 10 etxebizitza berri aktibatu ditugu. Gehiago etorriko dira, baina, batez ere, kopuru zehatzetatik harago, pozik gaude Udalak alokairu babestua aktibatu duelako.”