AKTUALITATEA


| 2020-05-07 12:09:00

Eusko Jaurlaritzak Azkoitiako Udalari denbora gutxian eta prozedurak etenda daudela, enpresa pribatu bati hondakin industrialak tratatzeko azpiegitura bat baimentzeak hautsak harrotu ditu Urola Kostako herrian. Hain zuzen, Zaldibarko hondamendi humano eta ekologikoak ikasgai bat utzi badu, hain oinarrizko zerbitzua, hondakinen tratamenduarena, ezin dela enpresa pribatuen esku utzi izan da. Honen harira, Azkoitiko zabortegiaren proiektua zertan datzan ondo ezagutzeko, Ainhoa Intxaurrandietak, EH Bilduren Gipuzkoako batzarkideak, eta Mikel Oterok, EAEko hauteskundeetarako Arabako zerrendaburuak, ondorengo iritzi artikulua idatzi dute ‘Berria’ egunkariarentzat:

 

«Gizakia omen da harri berean birritan estropezu egiten duen animalia bakarra. Duela gutxi, hondamendi humano, sozial eta ekologikoa izan dugu, eta oraindik ezin diogu gertatutakoari tamaina hartu. Aurtengo otsailaren 6an, mende bat igaro dela dirudien arren, Zaldibarko zabortegiak Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze irentsi zituen, eta enpresa pribatu batek urteetan bertan isuritakoa biluzi zuen.

Nola bihur daiteke, baimen berririk izapidetu gabe, hondakin ez-arriskutsuen zabortegi bat gai arriskutsuak metatzen dituen zabortegia? Verter Recyclingek (ezin dugu azpimarratu gabe utzi enpresaren izenaren izaera ironikoa, Recycling, birziklatzea adierazi nahian, jarduera oinarrizko eta nagusia, egiaztatu dugun moduan, zetorkiona zetorkiola mendian botatzea izan denean) baimena eskatu zuen milaka langile hil dituen eta hainbat gaixotasun itzulezin sortu dezakeen amiantoa isurtzeko. Ingurumen Sailak enpresari erantzun ez zionez, hilabetearen bueltan eskaera onartu zen administrazioaren isiltasun positiboaren ondorioz, eta amiantoa zuten materialak isurtzen hasi ziren milaka tonatan. Laburbilduz, industria hondakin ez-arriskutsuen zabortegia, administrazio isiltasunez industria hondakin arriskutsuen zabortegi bihurtua.

Otsailaren 6ko gertaera horietatik ziur dakigun gauza bakarra da bi langilek lurperatuta jarraitzen dutela 80 egun igaro ondoren, eta Jaurlaritzak gutxietsi dituen sentipena geratu zaiela; badakigu, era berean, giza osasunerako eta ingurumenerako arriskutsuak diren substantzia ugari isuri direla erorketaren eta ondorengo suteen ondorioz, hala nola dioxinak, furanoak, metal astunak edo amiantoa, eta erreskate lanean aritu ziren langileak amiantoarekin kutsatu zirela. Urte batzuk igaro behar dira izan dugun hondamendi ekologiko eta sozial hau ongi dimentsionatu ahal izateko. Dena den, topa dezakegun lehen ondorioa berehalakoa da: hondakinen kudeaketa bezain funtsezkoa den zerbitzu bat ezin da esku pribatuetan geratu. Esparru publikotik diseinatu, proiektatu, exekutatu, kudeatu eta kontrolatu behar da.

Horregatik diogu ezin dugula jarraitu honaino ekarri gaituen eskema berarekin. Egun hauetan ikusten dugu enegarren aldiz harri berarekin estropezu eginarazi nahi digutela. Hondakin ez-arriskutsuen Azkoitiko zabortegia. Alarma egoeraren ondorioz izapide administratibo guztiak etenda daudela uste zenean, bat-bateko sorpresa izan dugu. 2019ko maiatzean sortutako enpresa batek ingurumen-inpaktuaren baimena lortu berri du industria-hondakinak balorizatzeko planta bat eraikitzeko (beste behin ere terminologiaren garrantzia). Proiektua ingurunearentzat lagunkoi gisa aurkeztu da; bertan sartzen diren hondakinen % 93 balorizatuko dutela, eta % 7 baino ez dutela deuseztatuko; hau da, sartzen diren hondakinen % 93 birziklatuko dela. Baina pixka bat arakatzea nahikoa da aurkezpen hori iraultzeko.

Aurkeztu duten proiektuak bi fase ditu. Lehenengoan, 15.000 m2 inguru erabiliko dira industria hondakinak jaso, hautatu eta birrintzeko. 180.000.000 kilo arte. Zertarako? Bada, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak baimena eman die eskuragarri dauden modu guztietan balioztatzeko (erregai gisa edo energia sortzeko beste bitarteko gisa, barne). Bestela esanda, berotzeko ahalmen handia duten hondakinak, hau da, plastikoak, papera, kartoia edo zura (guztira, urtean 35.000 tona inguru), Zubietako errauskailura bideratu ahal izango dira, etxeko hondakinak erretzen laguntzeko, oso zaila baita horiek erretzea. Zer gertatzen da gainerakoekin, hondakinen % 80rekin? Izan ere, gaiak badu bere misterioa.

Bigarren faserako, 20.000 m2 baino gehiago hartzen dituena, oraingoz ez da proiekturik aurkeztu. Diotenez, gune horretan betelan bat egingo dute, eta, hori amaitutakoan, proiektu bat aurkeztuko dute. Eta hor dago, ezkutatzen saiatu arren, benetako proiektua: Azkoitiko zabortegia. Zerekin beteko dute 20.000 m2-ko lursaila, zaborrarekin ez bada? Erraustegian erre ezin daitekeen materialarekin beteko dute, hots, urtean 130.000 tona ingururekin? Are gehiago, zer egingo dute Zubietako erraustegiko zepekin? Azkoitiko zabortegian amaituko dute betegarri gisa? Eta errauts toxikoekin? Aurrerago, Zaldibarren gertatu zen bezala, amiantoa isurtzeko baimenak eskatuko dituzte, han bezala administrazio isiltasunez emango zaizkielakoan? Eta kontrola? Zaldibar kontrolatu zutenek beraiek kontrolatuko dute Azkoitiko zabortegia?

Ez ote dugu Zaldibarren gertatu denaz ezer ikasi? Gaizki kudeatuz gero herritarrei hainbeste arazo ekar diezazkiekeen zerbitzu bat enpresa pribatuen esku utz daiteke? Garrantzitsuagoa da bezero sarea mantentzea herritarren osasuna baino?

Argi dago plan bat behar dugula, diseinu oso bat, kopuru harrigarrietan sortzen jarraitzen ditugun hondakinak gutxitu eta kudeatzeko, eta hondakin horiek hainbeste aipatu baina gutxi aplikatzen den ekonomia zirkularraren mesedetara jartzeko. Arrazoizko edozein planek Hondakinen Lurraldearen Arloko Plan bat eskatzen du, hasteko, daukagun arazoaren tamaina bere gain hartuko duena, instalazio mota bakoitzaren kokaleku egokiena aztertuko duena, dimentsioak eta funtzioak diseinatuko dituena, eta lurralde historikoekin, udalerriekin, ekoizleekin eta inplikatutako gizarte sektoreekin horien diseinuari, gauzatzeari, kudeaketari eta kontrolari buruzko xehetasunak adostuko dituena. Premisa bakar batekin. Kontrol publikoa.»