Gipuzkoa

Albisteak

Juankar Izagirre: “Osasun eta zaintza sistema publiko sendoa da Aiton-Etxekoa bezalako gertaerak saihesteko bermea”


Oiartzungo Aiton-Etxe eguneko zentroko zuzendaritzak COVID19-aren aurkako txertoa ez jartzeko agertutako asmoaren aurrean, harridura azaldu du Juankar Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak. Eta EAJri eta PSEri eskatu die publifikazioaren aldeko urratsak egin ditzatela.

| 2021-01-02 16:24:00

Eguneko zentroetan COVID19-aren aurkako txertoa noiz eta nola jarriko den zehaztu gabe dagoenean, Oiartzungo Aiton-Etxe zentro pribatuko zuzendaritza bertako erabiltzaileei COVID-19aren aurkako txertoa jartzearen kontra agertu da. Juankar Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailearen hitzetan, jarrera hori arrazoitzeko emandako argudioak “zienzia eta medikuntza komunitateak emandakoen aurkakoak dira”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak larunbat eguerdian jakinarazi du Aiton-Etxeko erabiltzaileek txertoa jasotzeko “beharrezko neurriak” hartuko dituela. Edonola ere, eta hori gutxieneko pausoa da, Izagirreren arabera: “Herritar guztiek dute txertatzeko eskubidea, eta eguneko zentroetako azken arduradunari dagokio hori bermatzea, kasu honetan, aldundiari”. Ondorioz, eskubide hori inork zalantzan jarriz gero, aldundiari esku hartu eta neurriak hartzea dagokio.

Edonola ere, harago jotzea beharrezkoa dela adierazi du Izagirrek: “Gipuzkoarako eta Euskal Herrirako nahi dugun osasun eta zaintza sistema publikoan ezin dira onartu horrelako jarrerak; eta garbi dago sistema publiko sendoa dela halakoak saihesteko bermerik egokiena”. Aldundiko arduradunek ezin dute beste aldera begiratu, ezta horrelako gertaerak errazten dituzten politika pribatizatzaileak bultzatu ere.

Izan ere, EAJ eta PSEk gobernatutako aldundiak zaintza arloan bultzatu duen pribatizazioak zerikusi zuzena dauka Aiton-Etxen gertatu denarekin. “Horregatik eskatzen diegu bi alderdi politiko horiei pribatizazio bideari uko egin diezaiotela, eta zaintzarako sistema publiko baten alde lanean has daitezela. Bidea elkarrekin egiteko prest gaude”.

Azkenik, “arduragabekerien aurrean”, Gipuzkoako EH Bilduren konpromisoa berretsi du Izagirrek: “Herritar guztien eskubideen defentsan lanean jarraituko dugu”.