Gipuzkoa

Albisteak

Herritarren bizitza hobetzeko EH Bilduren prestutasuna erakusten du Eibarko aurrekontu akordioak


Neurri sozialak indartzen dituen aurrekontu akordioa lortu du EH Bilduk PSErekin Eibarren. Akordioak, batetik, elkarrizketarako eta akordioetara iritsi ahal izateko EH Bilduk duen gaitasuna berresten du. Eta, bestetik, EH Bilduk akordio bat sinatzen duenean, herritarren bizi kalitatea hobetzen duela.

| 2021-01-07 16:48:00

EH Bilduk PSErekin lortutako aurrekontu akordioren ondorioz, herriko ostalaritzak, merkataritza txikiak eta pandemiak kaltetutako sektoreak babesteko Txoke Plana izango dute. Gainera, Andretxea berria behingoz gauzatuko da EH Bilduk bultzatuta.

EH Bildu datorren urtarrilaren 15eko udalbatzan abstenitu egingo da. Hauek dira aurrekontu akordioan EH Bilduk eta PSEk adostutako neurriak:

- 500.000 € adostu ditugu ostalaritzan, gertuko denda txikietan eta industrian enplegua mantentzeko dirulaguntzarako: krisi honen ondorioz okerren pasatzen ari diren sektoreei zuzeneko laguntzak ematearen aldekoak bagara ere, eta orain arte horrela bultzatu eta babestu ditugu, oraingoan laguntza horiek pertsonengan eragin zuzena izatea nahi genuen. Beraien lanpostuei eusteko laguntza izatea nahi genuen. Argi geneukan beste talka-plan bat baldin bazegoen, EH Bildu eta bere ikuspegi soziala hor egon behar zela.

- Gainera, bi alderdien artean adostuko dira talka-planari egin dizkiogun proposamenen oinarriak eta zehaztapenak. Hauek 1.400.000€ko balioa dute. Beraz, Talka Planean EH Bilduk izango duen eragina, 1.400.000€koa izango da.

- Andreetxeak leku ikusgarri eta zabala izango du, egiten duen lanak benetan merezi duen leku ikusgarria. Emakumearen mahaiaren eta mugimendu feministaren eskaria une oro izan dugu buruan. Hemendik gure zorionak, Andretxea berria laster errealitate bihurtuko delako. EH Bilduren marra gorrietako bat zen, Andretxea ahalik eta lasterren gauzatu behar zen. Eta azkenean, horrela izango da.

- Azkenik, eta ez horregatik garrantzi gutxiagokoa. Herriko basoak etengabe kudeatzeko plan bat egitea ere adostu dugu. Dagokion kronogramarekin. Gure mendien konfigurazioa aldatzen ari da, gure begien aurrean eta martxa azkarrean. Horregatik uste dugu kudeaketa-plan bat garrantzitsua dela, Udalak lur pribatuak erosteko edo lur horien jabeekin etorkizunean erabilera-hitzarmenak egiteko atarikoa izango den plan bat.