AKTUALITATEA


| 2019-12-20 13:43:00

Aurrekontuek ez dietela Gipuzkoak dituen erronkei erantzuten adierazi du gaur Juan Karlos Izagirrek, EH Bilduko bozeramaileak, Batzar Nagusietan egindako aurrekontuen zuzenketen inguruko Osoko Bilkuran. Izagirrek zehaztu du egoitzetako gatazka konpontzeko dirurik ez dela jarri, zaintza mundua duintzeko ere ez, etxez etxeko zerbitzuko laguntzak ez direla igo nahi izan, berdintasuneko partida ere ez dela behar adina igo, klima aldaketari aurre egiteko dirurik ez eta iruzur fiskalari aurre egiteko 100 langileren kontratazioari ere uko egin diotela Aldundiko EAJ eta PSEk.

 

Gainera, justifikatu ezin daitezkeen gastu batzuk ageri dira, besteak beste, diputatu eta goi-karguen soldaten %8,2ko igoera edo propagandan eta marketing kanpainetan gastatuko den guztia, “Etorkizuna eraikiz” izeneko partidan ezkutatuta.

 

Gipuzkoako aurrekontuetan, EH Bilduk eginiko proposamen guztietatik, 133 zehazki, soilik 6tan jaso du erdibideko bat lantzeko oniritzia, 915 milioi euroko aurrekontuan 370.000 eurora mugatzen direnak, aurrekontuaren %0,04 baino ez.

 

EAJ negoziatu duenaren itxura ematen saiatu dela hedabideetan baina Izagirreren hitzetan, “ez dute elkarrizketarik bultzatu, eta ez ditu kontutan hartu egindako ekarpenak. Eta kezkatzen gaitu, kezkatzen gaitu aurrekontuak osatzeko elkarlanik egon ez izanak, adosteko borondaterik egon ez izanak eta alderdien arteko interlokuziorik egon ez izanak”.

 

Izagirrek gogorarazi du EH Bildu lehen indar munizipalista dela Gipuzkoan: “Esan beharrik ez dago Aldundiaren erabakiek eta aurrekontuek eragin zuzena dutela herritarrengan eta baita Udalek gauzatu beharreko kudeaketan eta argi adierazi behar dugu EAJ-PSOEk baztertu egin dutela lehen indar munizipalista. Horrela egin zuten datozen lau urtetarako Plan estrategikoan eta horrela egin dute 2020rako aurrekontuetan”.