Gipuzkoa

Albisteak

Europako funtsetarako proiektuak erabakitzeko mahai bat sortzeko eskatu dio EH Bilduk Gipuzkoako Aldundiari


Aldebakarrez egin duen proposamena bertan behera utzi eta proiektuak adostasun gune batean elkarlanean erabakitzeko eskatu dio EH Bilduk Gipuzkoako EAJri.

| 2020-10-15 12:16:00

Juan Karlos Izagirre eta Estitxu Elduaienek agerraldia egin dute gaur eguerdian. Bertan Gipuzkoako Aldundiaren gidaritza duen EAJri eskatu diote “hemen eta denon artean” adosteko “gure etorkizuna baldintzatuko duten proiektuak”. “COVID19ak sortutako kalteei aurre egiteko, modu adostuan eta denok batera egin behar dugula aipatzen da behin eta berriz. EH Bilduk martxoaren hasieran Diputatu Nagusiari eskatu zion mahai politiko bat osatzea. Ez zen horrela egin eta hartu diren erabaki guztiak, hau bezala, aldebakartasunetik hartu dira”, adierazi du Izagirrek.

 

Hori dela-eta, Izagirrek eskatu die bertan behera uzteko pasa den astean egindako 31 proiekturen proposamena eta adostasunerako gune bat sortzea, “adosteko funts horiek nola eta zertara bideratu Gipuzkoan. Sindikatuekin, enpresekin, alderdi politikoekin, unibertsitateekin eta beste eragileekin elkarlanean, proiektuen inguruko hausnarketa estrategikoa eta prozesu gardena guztiz beharrezkoak dira, ahalik eta kontsentsu maila handiena lortzeko”.

 

Izagirrek gaineratu du Europako Funtsen zati bat udaletara bideratzea beharrezko jotzen duela EH Bilduk. “Batetik, trantsizio ekologikoan berebiziko garrantzia dutelako udalek, eta bestetik, esfortzu izugarria egin dutelako herritarren beharrei erantzuteko. Askotan beren eskumenekoak ez ziren lanak beren gain hartu dituzte, premiak eta beharrak aginduta. Horregatik, Europako funtsetatik jasotako %30 udalerrietara bideratzea proposatzen dugu”.

 

Izan ere, Elduaienek azaldu du Aldundiaren asmoak ez dituztela betetzen Europak ezarritako irizpideak, lehenengotik hasita: proposamena adostua izatea. “Beharrezkoa da erakundeen arteko elkarlana, eta ezinbestekoa udalen zeresana eta eskuhartzea. Gainera, aipatutako 31 proiektuetan ez dago proiektu berririk, denak dira lehendik zeudenak. Aldundiak ez du ulertu Europak eta jendarteak gauzak beste modu batera egin nahi dituela, beste norabide batean. Funts horien bidez, inbertsio publiko zuzena, kalitatezko enpleguaren sorrera eta eragin sozial positiboa gailendu behar dira. Lehentasuna izan behar du ekonomia aurrean ditugun erronka handietara egokitzeak, eta gure administrazioak eta enpresak XXI. mendeko erronka teknologikoetara egokitzeak”.

 

Gaineratu du bestalde, Espainiako Gobernuak funtsak berak kudeatzeko azaldu duen asmoak kezkatzen dituela, “ez dakigu erkidegoek eta udalek Europako funtsen zein portzentai kudeatu ahal izango duten zuzenean eta horrek kezkatzen gaitu”.