Gipuzkoa

Albisteak

Eskola Kirola berrabiaraztea eta zaintza zerbitzuen publikotasuna eskatuko dizkio EH Bilduk Aldundiari


Eskoletan, burbuiletan eta aire librean egingo den Eskola Kirola martxan jartzea beharrezko jotzen du EH Bilduk. Era berean, kalitatezko zaintza bat bermatzeko arreta-sare publiko antolatu eta erantzukizun publikokoa eskatuko dio Aldundiari.

| 2021-01-11 11:54:00

Datorren asteazkeneko Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran aurkeztuko dituen ekimen nagusien berri eman du EH Bilduk gaur. “Oso kontziente gara gaur egungo egoera epidemiologikoaz, eta gaurko LABIaren erabakien zain gaude. Hala ere, dena dela erabakia, eskola kirolarekin eta orokorrean haur eta nerabeen aisialdiarekin zor bat dagoela uste dugu. Beste aisialdi jarduerak onartu ditugu gizarte moduan (tabernak ireki, gimnasioak...) baina eskola kirola debekatua izan da, nahiz eta osasun neurriak egoki betetzeko baliabideak egon zitezkeen”, adierazi du Andoni Iriondo batzarkideak.

 

Asteburuan hainbat hiriburutan egin det eskaerarekin bat eginez, Iriondok gaineratu du ikastetxeetan, burbuiletan eta aire librean egingo den eskola kirola bultzatzea beharrezkoa dela, beti ere, ikastetxe, federazio, klub eta arloko gainontzekoekin aktoreekin elkarlanean eta osasun egoerak eskatzen dituen neurriak beteaz aritzea. Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran Elkarrekin Gipuzkoarekin batera aurkeztuko du ekimena eta EH Bilduk EAEko udaletan ere aurkeztuko du Eskola Kirolaren inguruko mozioa.

 

Bestalde, zerbitzu publikoak eta babes soziala indartzeko ekimen bat aurkeztuko du EH Bilduk etziko plenoan, zehazki, adinekoen eta menpekotasuna duten herritarrentzat kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzeko eta pribatizazioa gelditzeko eskatzeko. “Zaintza esku pribatuen esku uzteak dakartzan arriskuak bereziki nabarmen ari gara ikusten pandemia garai honetan: pribatizazioak dakar adineko bakoitzari behar duen denbora ez eskaintzea, egoitza bakoitzean zuzendaritzaren araberako zerbitzu eta bisitak eskaintzea, txertoaren protokoloak ezartzen direnaren bermerik ez izatea, edo langileen prekaritatea”, azaldu du Estitxu Elduaien batzarkideak.

 

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak dio kalitatezko zaintza bat bermatzeko ezinbestekoa dela arreta-sare publiko antolatu eta erantzukizun publikokoa izatea, behar bezalako kontrol publiko zorrotzarekin. Horregatik eskatuko diogu Aldundiari, batetik, Gizarte Zerbitzuen legeak esaten duena defenda dezala parte hartzen duen instituzio-arteko mahai edo erabaki gune guztietan; eta arbuiatu dezala Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman pribatizazio-politikak legitimatzeko, bultzatzeko eta hedatzeko ahalegin oro; eta, bestetik, eskatzen diogu, Zerbitzuari Lotutako Prestazio Ekonomikoaren funtzioa mugatu dezala eta prestazio hori ez dezala erabili plaza publiko berriak ordezkatzeko edo zaintza publikoaren pribatizazioa indartzeko.

 

Ekimen horietaz gain, kultur-arloa babesteko ekinbidea har dezala eskatuko dio EH Bilduk Aldundiari: ohiko dirulaguntza lerroak egoerara egokituz, lurraldeko kultur sektoreekin elkarlanean ibil dadin eta, batez ere, “NextGenerationEU” Europako funtsetan aurkez ditzala kulturgintzarekin harremana duten proiektuak.