Gipuzkoa

Albisteak

Erraustegiaren inguruan gezurretan aritzea leporatu dio EH Bilduk Aldundiari


Hondakinak balorizatu behar zituen Zubietako plantak ez du esandako energiarik sortzen eta horregatik ukatu zaio baimena.

| 2020-12-10 13:40:00

EAJ-PSE gobernua gezurretan ari dela salatu du Gipuzkoako EH Bilduk. Eta salaketa hori egiteko nahikoa arrazoi eta kezka baduela gaineratu du. Izan ere, erraustegia martxan jarri denetik ez da hondakinak balorizatzen ari, hondakinak erretzen ari da. Horrela aitortzen du REEk (Red Eléctrica Española). Arrazoi horregatik ukatu zitzaion abenduaren 1ean behin-behineko baimena luzatzea, azaroaren 15a arte zeukana.

 

“Europako hondakinen tratamendurako hierarkiak garbi dio: erretzea, balorizatu gabe, zabortegiaren pareko jarduera da, besterik ez. Zubietan, une honetan hondakinak erretzen dituen zabortegi bat daukagu”, adierazi du Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramaileak.

 

Bestetik, Ingurumen diputatuak, Jose Ignacio Asensiok, behin eta berriro errepikatu du Gipuzkoak ez duela hondakinik bidaltzen zabortegietara, “autonomoak garela”. Baina gezurra da hori ere. Badakigu hilean 1.000-2.000 tona artean ari direla zabortegitara bideratzen. Jata zabortegien (Bizkaia) datuetan azaltzen da zenbat tona hondakin bidaltzen dituen hilero GHKk. Martxotik uztailera, 6.000 tonatik gora (azkeneko hilabetetako datuak ez ditugu oraindik jaso).

 

Pasa den astean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Asensioren agerraldia eskatu zuten EH Bildu eta Elkarrekin Gipuzkoa taldeek eta dena argitu bitartean erraustegiaren jarduera bertan behera uzteko eskatu zuten. Bitarte honetan diputatuak prentsan egindako adierazpenek eta baimenen kudeaketa susmagarriak, kezka areagotu baino ez du egin. Bestalde, EH Bilduk GHKren batzar berezia eskatu zuen eta oraindik ez dau erantzunik jaso.