AKTUALITATEA


| 2019-10-15 12:16:00

2008az geroztik Nazio Batuen Erakundeak (NBE) izendatuta urriaren 15ean Emakume Baserritarren eguna ospatzen da mundu osoan; izendapen hau landa inguruneko emakumeen lanari errekonozimendua eman nahian egin zen. Gure baserrietan ere emakumeak nekazaritza lanetan eskuz esku lan egin izan du mendetan, eta egungo datuak ere horixe esaten digute, baserriko lanen %50 emakumeek egiten dituztela. Baina baserriko lanez gain, eta genero rolen banaketaren ondorioz, landa eremutan emakumeek etxeko lanen, zaintza lanen, garbiketa, sukaldea eta beste hainbaten kargu hartzen dute. Eta errealitate horretan, hainbat gizarte, lege eta kultur mugei aurre egin behar izaten diote.

 

Ikusezinak izan dira zentzu askotan, maila sozialean, ekonomikoan lan esparruan eta juridikoki. Beraz, Emakume Baserritarraren eguna ospatzen dugun honetan, ezinbestekoa egiten da emakume baserritarrei aitortza egitea, izan duten eta duten lekua ematea, eta, bere lana ikusaraziz, errekonozituak senti araztea.

 

Baina, badira, aitortza horretatik harago, olatu feministarekin identifikatzen diren emakume baserritarrak ere. Beren lekua errebindikatzetik harago beren lekua hartzen dabiltzanak. Emakume Baserritarren Estatutua paperean idatzita egotetik aplikazioa sustatu dadila eskatzen dutenak. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean aho batez legea onartu eta gero lau urte pasa dira, eta aipatutako babes falta juridiko eta laboralarekin bukatzeko onartu zenak ez ditu inolaz ere bete orduko espektatibak, legean jasotakoa betearazteko ez baita inolako baliabiderik jarri. Beti bezala intentzioak onak dira, emakumeak dituzten eskubideez jabe daitezen informatzeko eskuorrik ateratzen dira, sozialki errekonozitzeko ekitaldiak egiten dira,… baina emakume baserritar askoren egunerokoak berdin darrai.

 

NBEak izendatutako Emakume Baserritarren egun hau, urtero gai zehatz baten inguruan kokatzen du. Aurtengo gaia Emakume baserritarrak erresilientzia klimatikoaren sortzaileak da. Aldaketa klimatikoa ahoz aho dago, eguna joan eta eguna etorri, titularretan, parlamentuetan eta kalean. Baina horretan ere ezinbestekoa da baserritarrek ingurumenean duten eragin positiboei dagokien balioa ematea eta funtzioa aitortzea, eta bereziki modu jasangarri lan egingo duen baserri eredu bat sustatzea. Euskal herrian baserriak azken hamarkadetan egin duen ibilbide industrialarekin -baserriak maskulinizatuz, handituz eta mekanizatuz- emakumeak bere lekua eredu horretan hartzea zaildu du edo zuzenean ez du emakumea kontuan hartu, horrekin ere baserrien hustea sustatuz. Eta horrek guztiak lotura zuzena du aurtengoan egun honi eman nahi zaion aldarrikapenarekin. Aldaketa klimatikoak bizigarria eta iraunkorra den baserri eredu batekin lotura zuzena baitu.

 

Beraz, baserri unitateak giza neurrira ekartzeaz hitz egin behar badugu, emakumeek duten lekuaz ere hitz egin beharko dugu. Badugu beraz zer errekonozitu, baina baita ere zer borrokatu. Baserriak etorkizuna izango badu emakume baserritarrekin izango da, edo ez du izango.