Gipuzkoa

Albisteak

EH Bilduk 100 milioi proposatu ditu zaintza eta babes sozialerako eta 50 milioi gehien kaltetutako sektoreen berreskurapenerako


Aurrekontuek pandemiak eragindako ezberdintasunei aurre egin behar diela nabarmendu du EH Bilduk. Aberastasuna modu egokiagoan banatzeko, krisi garaian gerakina erabiltzea eta zorpetzea ezinbestekotzat jotzeaz gain, Covid tasa bat proposatu du.

| 2020-12-16 11:48:00

Gipuzkoako EH Bilduk 2021erako aurrekontuen proposamena egin du gaur Batzar Nagusietan. Estitxu Elduaienek eta Juan Karlos Izagirrek nabarmendu dute norabide aldaketa bat behar-beharrezkoa dela krisi garai honi aurre egiteko. Horregatik, zaintza eta babes soziala indartzeko inbertsioa eta baliabideak nabarmen igotzea proposatu dute, 100 milioi gehiagotan, hain zuzen. “Izurrite hau erakusten ari da egun Gipuzkoan dugun adinekoen eta mendeko pertsonen zaintza ereduak ez duela bermatzen pertsona horiek behar bezala zainduta egotea”, adierazi du Elduaienek.

 

Horregatik, 100 milioiko proposamena egin du EH Bilduk zaintza eta babes sozialerako: egoitzetako egungo eredua eraldatzeko, 32 milioi; egoitzetako langileen lan baldintzak hobetzeko, 7 milioi; egungo eraikinak birmoldatzeko, 37 milioi; adineko eta menpekoak etxean zaintzeko ematen diren diru-laguntzak 10 milioi igotzea; etxez etxeko laguntza hobetzeko, 4 milioi gehiago; eta bukatzeko, babes sozialerako, egungo diru-laguntza sistematik kanpo gelditzen diren pertsonentzako gutxieneko sarrera bat bermatzeko laguntza berezi bat sortzea, 10 milioiko partidarekin.

 

Horrez gain, Aldundiaren eskumenekoak diren arloetan eta eskumen horietatik kanpo egon daitezkeenetan ere, pandemiak gehien kaltetu dituen sektoreei laguntza ekonomikoa bideratzea beharrezkoa ikusten du EH Bilduk eta horretarako 50 milioiko errekuperazio funts berri bat proposatu du.

 

Izagirrek nabarmendu du krisiari aurre egiteko Aldundiak zorpetu eta daukan gerakina erabili behar duela, “benetako premia duten sektoretarako”. Pandemiak eta bere ondorioek irauten duten bitarterako Covid tasa berezi bat ezartzea ere proposatu du. Horrez gain, egoerari aurre egiteko diru bilketan aldaketak egin behar direla berretsi du eta fiskalitate progresibo eta justuago baterako aldaketak proposatu ditu. Besteak beste, sozietateen gaineko zergan, ondarearen gaineko zergan eta iruzur fiskalari aurre egiteko neurri zehatzetan.

 

Amaitzeko, trantsizio ekologikorako proposamenetan, mugikortasunean eta lehen sektorean egin beharreko inbertsioak azpiegitura handien moratoriatik aurreztutako baliabideen bitartez egin behar direla esan du eta Europako funtsak irizpide ekologiko eta partehartzaileen arabera, udalen parte hartzearekin eta talde guztiek batera adostuta izatearen garrantzia nabarmendu du.