GHKk Bizkaiako Aldundiarekin duen hondakinak bidaltzen jarraitzeko hitzarmena luzatzea erabaki du gaur egindako ezohiko batzarrean. EH Bildurentzat ulergaitza da erabaki hori eta berriro ere gardentasun falta salatu du. Izan ere, pasa den astean erraustegia inauguratu zenetik, teorian behintzat, Gipuzkoak ez bailuke beste herrialdeetara hondakinik bideratu behar. “Zergatik berritu da 2019ko abenduaren 31n iraungi behar zen hitzarmen hori beste urtebetez? Ez al ginen autonomoak? Gipuzkoako erraustegiak ez al du gaitasunik Gipuzkoako hondakinak erretzeko?”. Argibide gehiago behar-beharrezkoak direla nabarmendu dute EH Bilduko ordezkariek.
Bestalde, erraustegiak urte honetan egingo duen 20 eguneko jardunagatik (abenduaren 11an jarri zen martxan), enpresa pribatuari 23 milioitik gora ordaintzea onartu dute EAJ-PSEk. “Ezin da onartu 20 eguneko jardunagatik urte osoa ordaintzea. Eta hemen ere gardentasun falta salatu behar dugu, ez baitakigu zer sinatu den enpresarekin, tamaina horretako ordainketa egin behar izateko”.